Arrasateko pilotaria Eli Txintxurreta urretxuarraren semea da
Ander Murua Txintxurreta pilotari arrasatearrak profesional mailan debuta egin zuen atzo, Aspe enpresarekin. Murua Eli Txintxurreta urretxuarraren semea da. Urretxuko senitartekoak ere frontoian izan ziren, noski. Muruak bere herrian debutatu zuen eta harmailak bete egin ziren. Bikuñarekin jokatu zuen, Julen Egiguren eta Aldaberen aurka. Galdu egin zuen, baina itxura ona eman zuen.
Bere gurasoek eskerrak eman nahi dizkiete pilotalekura joan ziren guztiei. “Oso eskertuta gaude. Jendearen erantzuna zoragarria izan zen. Gipuzkoa osoko jendea etorri zen. Herri guztietako lagunak. Pilotalekua bete egin zen. Oso polita izan zen”.
Urretxu eta Zumarragako jendeari bereziki eman nahi dizkiete eskerrak. “Urretxu eta Zumarragatik jende asko etorri zen. Zumarragan partida asko jokatu ditu (DV, Goñi eta Elite txapelketetan) eta beti jende asko hurbildu da. Oso eskertuta gaude”.
Gurasoek inork baino hobeto dakite semeak profesional mailara heltzeko zein gogor lan egin duen. “Batzutan ametsak bete egiten dira. Dagoeneko ez zuen profesional mailan jokatzeko aukera izatea espero, baina aukera heldu zaio. Une onean, gainera. Izan ere, dagoeneko ikasketak bukatu ditu”. Muruak Heziketa Fisikoa eta Irakasle-ikasketak egin ditu.