
Jon Mikel Irigoras Azpiroz urretxuarrak eta beste 15 senitartekok beraien aitona (Juan Manuel Azpiroz, Aiako Txikia) omendu zuten Behobia-Donostian, aitonaren garaipenaren mendeurrenean. Txikienek haurren lasterketan parte hartu zuten eta gainontzekoek helduenean. Aitonaren omenezko kamiseta soinean zutela korrika egin zuten: atzean aitonaren argazkia jarri zuten (Behobia-Donostiako helmugan sartzen) eta aurrean aitonak korrika egiteko erabiltzen zituen alpargatekin eta galtzerdiekin osatutako armarria. Lasterketaren ondoren, Aginagako sagardotegi batean bazkaldu zuten, gainontzeko senitartekoekin.
Duela urte batzuk, Irigorasek bere aitonak 1924ko Behobia-Donostia lasterketa irabazi zuela jakin zuen. Hori dela eta, mendeurrenean, 2024an, Behobia-Donostia egitea erabaki zuen. Lehengusu bazkari batean aipatu zuen eta inork ez zuen berarekin bat egitea erabaki. Baina, handik urte batzuetara, lehengusuen beste bazkari batean, Aiako Txikiaren sei bilobek izena ematea erabaki zuten. Entrenatzen hasi ziren, kamisetak egin zituzten… eta hurrengo belaunaldietako bederatzi senitarteko batu zitzaizkien.