Merkatariek hilaren 26a baino lehen eman behar dute izena
Urretxu eta Zumarragako udalek eta Bi-Tartean merkatari elkarteak Gabonetako erakusleiho lehiaketa antolatu dute aurten ere. Helburua bi herrietako kaleak girotzea eta urretxuarrek eta zumarragarrek herrian erostea da. Nahi duten merkatari guztiek eman dezakete izena. Hilaren 26a baino lehen eman behar dute, merkataritza bulegoan (Urretxuko Labeaga 56an).
Lehiaketan parte hartzea erabakitzen duten merkatariek abenduaren 7rako prestatu behar dituzte erakusleihoak. 21:00ak arte argituta egon behar dira.
Lehiaketaren epaimahaia bost kidek osatuko dute: Gipuzkoako Merkataritza Federazioko ordezkari batek, Goierri garaiko merkataritza teknikariak, Urretxuko Udaleko teknikari batek, Zumarragako Udaleko Sustapen Ekonomiko teknikariak eta arte ederretako eskolako ordezkari batek.
Irabazleak diploma, Bertatik Bertarako produktuekin betetako otarra eta 200 euroko bonua jasoko ditu. Bigarren saria lortzen duenak diploma, saskia eta 100 euroko bonua eskuratuko ditu eta hirugarren saria lortzen duenak diploma eta saskia. Horretaz gain, aipamen bereziak izango dira.
Bestalde, herritarrek sari bat emango dute (diploma eta saskia). Herritarren saria Bi-Tartean elkarteak kudeatuko du. Herritarrek Whatsapp-en (688 812 209), Interneten (bitartean.eus webgunea) eta QR kode baten bitartez bozkatu ahal izango dute. QR kodea erakusleihoetan izango da.
Bozka ematen duten herritarren artean 100 euroko erosketa bonu bat zozkatuko dute. Sari banaketa ekitaldia abenduaren 18an izango da: 13:30ean, Urretxuko udaletxean.
Epaimahaiak Gabonekin lotura, irudimena, originaltasuna, mezuaren eraginkortasuna eta erakusleihoaren kalitate estetikoa sarituko ditu. Ezinbestekoa izango da erakusleihoa apaintzeko dendan saltzen diren produktuak erabiltzea.