
Miguel Angel Perez Herrero eta Carlos Mediavilla Arandigoien argazkilari urretxuarrek Hegoak erakusketa irekiko dute ostiralean, 18:00etan, Juan de Lizarazu aretoan. Bertan, Urretxuko txoriei ateratako argazkiak ikusi ahal izango dira. 30 txoriren argazkiak jarriko dituzte ikusgai. Baita txoriak zelatatzeko erabiltzen den oihalezko hide bat ere. Erakusketa hilaren 25era arte egongo da zabalik.
Telebistan dokumental ikusgarriak ematen dituzte, baina ez dago Amazonasera joan beharrik txoriez gozatzeko. Goierrin bertan txori mota asko daude eta argazki ikusgarriak lor daitezke, pazientzia apur batekin. Herrerok eta Mediavillak ederki asko dakite hori. Urretxuko txoko batean hide (txoriak ikusteko txabola) bat egin dute eta bertan atera dituzte erakusketako argazki gehienak. Gainontzekoak Urola ibaian atera dituzte.
Txoriak ikusteko txabola egurrarekin egin dute eta ondoren belar artifizialarekin estali dute. Aurrealdean leiho bat du, txoriak ikusteko eta argazkiak ateratzeko. Txabolaren aurrealdean janaria jartzen dute, txoriak erakartzeko: gantza, pipak, urrak, intxaurrak, ogi apurrak… «Txori asko gerturatzen dira. Izan ere, askok badakite dagoeneko bertan janaria aurkituko dutela. Behin nire alaba eraman nuen bertara eta ezin zuen sinistu herrian hainbeste txori ikusi zitezkeenik. Hunkitu egin zen. Batzuk argazkiak herritik kanpo atera ditugula esan digute, txori horietako batzuk ez zirela inguru honetara gerturatzen uste baitzuten», azaldu du Mediavillak.
Belatza eta aztorea
Duela lau urte hasi ziren herriko txorien argazkiak ateratzen. Txoriek, hiru katagorrik eta Urretxuko bi argazkilariek familia bat osatu dute. «Argazkietan istorioak islatzen saiatzen gara: txoriak hegoak zabalik, txorien arteko harremana, hierarkia, aita kumeari irakasten, ama kumeari jaten ematen… Hori bai, belatza edo aztorea azaltzen direnean, guztiek ihes egiten dute. Belatzaren argazkia oso erraz lortu genuen, berarentzako haragia jarri bezain laster. Haragia jartzeari utzi behar izan genion, gainontzeko txoriak ez baitziren gerturatzen».
Martin arrantzalearen eta garrapoaren argazkiak izan dira gehien kosta zaizkienak. Ezusteko ederrak ere izan dituzte. «Ur-zozoak ur garbia bilatzen du beti eta Urola ibaian ikusi genuenean asko poztu ginen. Egia esan, buruan genituen txori guztien argazkiak lortu ditugu».
Erakusketan 30 txoriren argazkiak ikus daitezke: eskinosoa, kaskabeltz handia, kaskabeltz txikia, gailupa, martin arrantzalea, okil berdea, koartza, txolarrea, belea, amilotxa, karnaba, txepetxa, buztanluzea, birigarroa, zozoa, usoa, txantxangorria, garrapoa, mika, gerri-txori arrunta, buztanikara, uroiloa, amilotx mottoduna, mirua… «Herriko ikastetxeei gonbidapena luzatu diegu. Izan ere, haurrentzat oso erakusketa interesgarria dela iruditzen zaigu. Beharbada hemendik biologoren bat aterako da!».
Beraiek ez dira biologoak, baina biologoek bezainbeste maite dute natura. Munduko herrialde askotara joan dira animalien argazkiak ateratzera. Perez Japonia, Islandia, Polonia, Norvegia eta Eslovenian egon da, besteak beste, eta aurki Mongoliara joango da. «Txorien 80.000-100.000 argazki atera ditut. Polonia ikusgarria da, herrialdearen zati handi bat basoa baita. Toki batzuetan 180 euro ordaindu behar da eguneko, hide baten truke».