
Urretxuko eta Zumarragako EH Bilduk elikadura burujabetzaren inguruko hitzaldia antolatu du datorren astearterako. 19:00etan izango da, Urretxu-Zumarragako bilgunean (Urretxuko Zubimusu plazan). EH Bildurentzat “berebiziko garrantzia” duen gaia jorratuko dute. Izan ere, herrian elikadura burujabetzan eta bertako produktuenganako apustuan urratsak ematea “ezinbesteko erronkatzat” daukate. Horretarako, elikadura burujabetzan oinarritzen diren inguruko kooperatiben esperientzia eta egiteko modua erakutsi nahi die herritarrei. Hitzaldia mahai-inguru formatuan izango da, eta Goierriko Biziola, Bergarako Elikaenea eta Azpeitiko Elikagunea proiektuek hartuko dute parte. Hizlariak Andoni Mikelarena (Biziola), Ainhoa Narbaiza (Elikaenea) eta Ioritz Aizpuru (Elikagunea) izango dira. Mahai-inguruaren dinamizatzailea Julen Azpeitia izango da, Bizi proiektuko kidea eta EH Bilduko zinegotzia. Amaieran mokadutxoa egingo dute, bertako produktuekin.