Aritz Elgarresta eta Jon Altolagirre (Zumarraga eta Urretxuko EH Bilduko zinegotziak)

Eskuin muturraren gorakada, militarismoaren aldeko ahotsak eta autoritarismoa indartzen ari diren garaiak bizi ditugu. Justizia, askatasuna eta demokraziaren aldeko borroka etengabea izan behar dela adierazten digu gaurko testuinguruak eta eskubideak ezin dira sekula lortutzat eman, aski ongi dakite feministek, trans mugimenduko kideek edo euskaltzaleek.
Orain aste batzuk Kultur Aterkia kolektiboak 90. hamarkadan Zumarraga eta Urretxun mugimendu antimilitaristak izan zuen indarra eta bultzada erakusteko memoria ariketa egin zuen. Gerra hotsak eta industria militarra indartzeko ahotsak entzuten ditugun garaiotan, ezinbestekoa da belaunaldi berriei hemen bizitakoa jakinaraztea. Ez dago soberan ere gogoraztea Zumarragako eta Urretxuko udalek ere bat egin zutela mugimendu antimilitaristarekin eta Espainiar Ejerzitoarekin kolaboratzeari uko egin ziotela.
Antimilitarismoa gure zainetan daramagun bezala faxismoaren kontrako borroka balioan jarri nahiko genuke. Apirilean bete dira 88 urte faxistek Gernika bonbardatu zutela eta 80 urte bete dira Gernika Batailoiak Frantzian nazien aurkako erresistentzian parte hartu zuela. 1945eko apirilean, Pointe de Graveko gudan, Gernika Batailoiak askatasunaren alde borroka sutsua egin zuen eta Frantzia nazismotik askatzeko gudan pisu erabakigarria izan zuen.
Gernika Batailoia Gerra Zibilean borrokatutako euskal gudari ohiek osatzen zuten. 1939an erbesteratu ziren milaka euskal errefuxiaturen artean zeuden batailoiaren kideak, faxismoaren aurka borrokatzen jarraitzeko prest. Frantziako Erresistentziarekin bat eginez borroka horrek ere Euskal Herriaren askatasuna ekarriko zuelakoan. Charles De Gaulle jeneralak, batailoiko soldaduei errebista pasatzen ari zela «Frantziak ez du sekula ahaztuko bere lurra askatzeko euskaldunek egindako borroka», esan zion Ordoki komandanteari. Frantziak ahaztu egin zuen, ordea. Gerra bat galdu, diktadura bat jasan, erbesteratu, atzerrian beste gerra batean parte hartu eta traizionatuak izan ondoren, Gernika Batailoiko kideek gure errekonozimendu eta oroitzapen osoa merezi dutela uste dugu.
Gernika Batailoia, ANVko Kepa Ordoki buru zela, EAJko kideek, alderdi sozialistakoek, komunistek eta anarkistek osatzen zuten baita ere. Alderdi eta ideologia desberdinak izan arren, berdintasuna, askatasuna eta demokrazia defendatzea asmo zuten denek. Batailoi horretan Euskal Herri osoko gudariak ziren eta gure herrikideak ziren Eusebio Mendizabal Alzelai (borrokan zauritutakoa), José Ramón Arozena Pildain, Juan Askasibar Bastarrika eta Francisco Torres Ezpeletak parte hartu zuten.
Errepublikako azken udal-gobernuez gogoratu nahi dugu baita gaur ere. Zumarraga eta Urretxuko alkate eta zinegotziak jazarriak eta errepresaliatuak izan ziren, abertzaleak, errepublikarrak eta ezkertiarrak zirelako.
Uste dugu ahanzturatik atera behar ditugula demokrazia, Errepublika, justizia eta gure herriaren askatasunaren alde borrokatu zuten Gernika Batailoiko gudariak, Gurs, Mauthausen eta konzentrazio-esparru nazietan egon ziren herritarrak eta azken udalbatzarra osatu zuten alkateak eta zinegotziak. Merezi duten aitorpen publiko duina eman nahi diegu gutun honekin eta horren aldeko lana egiten jarraituko dugu udalean. Zumarragarrok eta urretxuarrok militarismoaren eta faxismoaren aurka izan dugun papera aldarrikatzeko.
Paco Perez gudariak esan zuen moduan “Memoriaren etsaia ez da denbora, isiltasuna baizik”.