
Antiotik geltokietako auzora. Zumarragako Trikitixaren pieza baten izenburua dirudi, baina ez da. Urtero zumarragarrek eta urretxuarrek egiten duten ibilbidea da, Santa Isabel jaiak bukatu eta egun gutxira geltokietako auzokoak hasten baitira.
Aurten irribarrea ahoan pasatuko dituzte geltokietako jaiak hasi bitarteko egunak. Izan ere, Santa Isabel jaiek oso aho zapore ona utzi dute. Jaiak oso luzeak izan dira, ostiralean hasi ziren eta asteazkenean bukatu, baina kalean ibiltzeko eguraldi bikaina lagun, inork ez du atsedenik hartu. Ekitaldi guztiak oso jendetsuak izan dira: plazako haurrentzako ur jolasak eta apar festa, zezen plazako Gran Prixa, Hauspoa&Tunela egitasmoaren aurkezpena, plazako eta txosnetako kontzertuak…
Santa Isabel egunean eguraldi freskoagoa egin zuen eta herritarrek zinez eskertu zuten. Gauean euria egin zuen, baina inork ez zuen Iburretako kantalditik alde egin. Are gehiago, txosnetako erromerian elkartu ziren gazteek estalpean dantzatzeko aukera zuten, baina askok euripean dantza egitea nahiago izan zuten. Euritan dantzan. Gatibuk abesten duen moduan, «zaparrada goitik behera ta saltoka potxingoan, aske sentitzen naz ni busti-bustitte». Festetako seigarren egunean! Hori sasoia!
Are gehiago… urretxuarrek eta zumarragarrek hamaika egun eman dituzte festetan murgilduta. Iruindarrek San Fermin jaietan baino gehiago. Izan ere, aurten sanjoanek eta santaixabelek bat egin dute. Atzo atseden hartu ahal izan zuten, azkenean. Asteburu honetan jai izango dute, baina ez daitezela erlaxatu: hurrengo asteburuan geltokietako jaiak ospatuko dira. Aurtengo berrikuntza nagusia igandeko barrika lasterketa izango da. Duela urte batzuk egiteari utzi zitzaion asto lasterketa ordezkatuko du.
Jaiak hilaren 11n hasiko dira. 17:30ean ur pistola guda egingo dute Pagoetako bidegurutzean. Ondoren, txokolatada egingo dute Akelarre elkartearen ondoan. Meriendatu ondoren, dultzainero, buruhandi eta erraldoiekin kalejira egingo dute. 18:30ean partxis txapelketa jokatuko da Txindokiko plazan eta 19:00etan triki-poteoa egingo dute.
21:30ean herri afaria egingo dute, Ander Malbadi, Esti Curiel eta Mirari Martiarena bakarrizketariekin. Afaria Pagoeta gune soziokulturalean izango da eta txartelak auzoko tabernetan jarri dira salgai, 25 euroan. Uztailaren 9a izango da txartelak eskuratzeko azken eguna.
Xaukena elektrotxaranga
Afalostean musika izango da nagusi: 23:00etan Oilar Beltzak taldeak joko du Txindokiko plazan, 01:00etatik aurrera Xaukena elektrotxarangak auzoko kaleak girotuko ditu eta 03:30etik aurrera Dj Chamarekin dantza egingo dute Txindokiko plazan.
Larunbaterako ere makina bat ekitaldi antolatu dute. 12:00etan toka txapelketa jokatuko dute Domingo Mendiaraz plazan. Ordu berean, zumba saioa eta haurrentzako jolasak izango dira Txindokiko plazan. 13:00etan Mobylette desfilea eta erakusketa egingo dituzte. 14:30ean paella dastaketa egingo dute Domingo Mendiaraz plazan.
16:00etan mus txapelketa jokatuko dute ikastolan. Mus txapelketaren ordu berean bingoan jokatuko dute Domingo Mendiarazen. 19:00etatik aurrera Trapalata txarangak auzoko kaleak girotuko ditu eta 22:45etik aurrera kontzertuak izango dira Txindokiko plazan. La Oreja de Van Gogh taldearen abestiak jotzen dituen Son de Rosas taldeak eta Zatekeen erromeria taldeak joko dute. Ondoren, Dj Murirekin dantza egingo dute.
Jaiak igandean amaituko dira. 10:30ean txistulariek joko dute. 13:00etan patata tortilla lehiaketa egingo dute Txindokiko plazan. 17:30ean barrika lasterketa egingo dute, bikoteka. Berrikiko bidegurutzean eman beharko da izena, 17:00etan. 19:00etatik aurrera Bentazaharreko Mutiko Alaiak taldeak auzoa girotuko du.
Horretaz guztiaz gain, larunbatean eta igandean, egun osoan zehar, puzgarriak izango dira geltokietako plazan.