
Bihar 70 urte beteko dira Irimoko gurutzea eta bere azpiko aterpea inauguratu zirenetik. Inazio Pildainek duela 20 urte Otamotz aldizkariari kontatutakoaren arabera, Torcida elkartekoak izan ziren gurutze berria egitea pentsatu zutenak. Goierri kirol elkartekoengana joan ziren asmoa azaltzera eta primeran iruditzen zitzaiela esan zieten. Hala, elkarrekin lanean hasi ziren.
Urretxuko gazte gehienek parte hartu zuten lanetan eta herritik kanpoko zenbaitek ere bai. Azpeitiko hargin batzuek, adibidez. Lan gogorra izan zen. «Aterpea egiten hasi aurretik, apirilean, 200 litroko bidoiak eraman genituen Irimora euri urez bete zitezen. Abril, aguas mil esaten da, baina hilabete guztian ez zuen euri tantarik egin! Hori dela eta, ura Lizarriturritik igo behar izan genuen astoek lagundurik».
Urretxuarrek ez zuten amore eman, ordea. «Beharrezkoa zela uste genuen. Beste herrietako mendietan gurutze txukunak zeuden eta… Egunero joaten ginen ahal genuena egitera, lanetik irten ostean. Lehenbizi, zelaiunea egin genuen eta gero puskatutako harriekin aterpea. Aterpea egin aurretik, Irimo zorrotza zen. Gurutzea Francisco Alberdiren ferratokian egin zuten eta bi zatitan igo genuen, idiek lagunduta».
Diru gutxirekin
Ez zuten diru asko, baina moldatu ziren. «Ez dut dirurik eskatu genuenik oroitzen. Harriak handik bertatik atera genituen eta porlana umetako laguna nuen Honorio Alberdik eman zigun. Garai hartan porlana errazionatua zegoen, baina behar adina zaku lortu zizkigun fabrikako prezioan. Gurutzea Iberdueroren posteak egiteko erabiltzen zen materialarekin egin zen. Jakin ezazu nondik atera zen material hura!».
Gurutze zaharra Ugaldetarrena zen eta ez kentzeko eskatu zieten. «Hori dela eta, aterpearen aurrean jarri genuen. Beranduago, aterpearen aurrean ez zela oso ondo gelditzen iruditu zitzaigun eta barrura sartu genuen».
Inaugurazio ekitaldia sekulakoa izan zen. «Parrokoak meza eman zuen eta jende asko elkartu zen. Lan egiten egon ginen garaian ere, parrokoa askotan igotzen zen Irimora guri janaria eramatera».
Ordutik 70 urte pasa dira, baina Irimoko gurutzea ederki mantentzen da Jabi Areizagak eta Goierri Kirol Elkarteko mendi saileko lagunek egiten duten lanari esker. «Uztailean bidea garbitu genuen, bosgarren gurutzeraino. Hilabete honetan buzoia eta atea margotu nahi ditut eta hurrengo lana gurutzea margotzea eta eskailera zaharberritzea izango da», aipatu du Areizagak.