Urretxuko Santa Anastasia jaietako larunbatean, hilaren 20an, sokamuturra egingo dute Elizaldeko plazatxoan. Herritar talde batek ekitaldi horren aurkako kontzentrazioa antolatu du ostiral honetarako.
Sokamuturraren aurkako kontzentrazioa sortu berri den Animaliak Aske taldeak deitu du. «Urretxuko Udalak aurtengo jaietako egitarauan sokamuturra sartzea erabaki du, eta horrek kezka eta desadostasuna sortu du herritarren artean. Animaliak Aske Urretxu-Zumarraga taldeak salatu nahi du halako ikuskizunak ez datozela bat XXI. mendeko sentsibilitate etiko eta sozialarekin, eta animalien tratu txarra eta sufrimendua dakartela», azaldu du taldeak komunikabideetara igorritako prentsa ohar batean.
Udalari eskaera
Animaliak Aske taldeak bi eskaera luzatu dizkio Urretxuko Udalari. Alde batetik, herriko jaietan sokamuturrik ez antolatzea eskatu dio, «ez aurten eta ezta etorkizunean ere». Bestetik, gaiari buruz gardentasunez eta herritarren parte hartzearekin jardutea eskatu dio.
Horretaz gain, ostiral honetarako antolatu duten ekitaldian parte hartzeko eskatu diete herritarrei. Elkarretaratzea Areizaga-Kalebarren plazan izango da, 19:00etan. «Zatoz eta parte hartu! Animalien eskubideen alde, elkarrekin, aldaketarako garaia da», amaitu dute.
