Sokamuturra bultzatu dutenen eta Urretxuko Udalaren erantzuna ekitaldiaren aurkako kontzentrazioa deitu dutenei

Aurtengo Santa Anastasia jaietarako sokamuturra antolatu dute eta herritar talde batek kontzentrazioa deitu du ekitaldi horren aurka. Urretxuko Udalak eta sokamuturra antolatzea proposatu duten herritarrek idatzi bat bidali dute komunikabideetara, kontzentrazioa antolatu dutenei erantzunez. Horra hor idatzia:
“Urretxuko 2025eko Santa Anastasia jaietarako sokamuturra bultzatu eta proposatu dugunok, Urretxuko Udalarekin elkarlanean aukerak aztertuta hartu dugu erabakia. Jaiak antolatzeko eragileen eta herritarren arteko lau bilera ireki egin dira, eta azken bileran parte hartu zuten guztien onespenarekin hartu zen erabakia. Beraz, erabakia errespetuz eta askatasunez hartu zen.
Gure baserrietako larrabehi edo behi suharrak ez dira askeago izango sokamuturra edo zezen festa herrikoietan ez parte hartzeagatik, ezta animalia eta ekitaldia bera ezagutzen ez dutenen artean tratu txarra ematen zaiela babesten dutenek salbatuko dituztelako.
Badirudi talde hauek bigantxaren urte beteko bizitzan gertatzen den 5-10 minutuko lan mugatu, kontrolatu eta arautuan dutela kezka bakarra, erreparatu gabe gainontzeko denboran gizarteari, landa eremuari, abeltzainei, ekonomiari, ekologiari, arraza aniztasunari eta abar luze bati egiten dioten ekarpenari eta babesari. Bide horretan, idatzi honek jaso nahi luke animalia klase horrekin dugun konpromisoa, maitasuna eta errespetua. Ekintza hau Eusko Jaurlaritzak ekintza hauetarako ezarritako legedi zorrotzaren pean egingo da, parte hartzen duten animali eta ikusleen osasun eta ongizatea bermatzeko; albaitarien, abeltzainen, ertzaintzaren, eta antolatzaileen bidez.
Gaur gaurkoz, hainbat eta hainbat hiri, herri eta auzotan zezen festak bultzatzeko dugun antolakuntza eta babesa izugarria da (besteak beste, bailaran eta oso gertu ditugun Zumarragan, Azpeitian, Azkoitian, Ordizian, Zegaman, Antzuolan eta Bergaran). Horietan guztietan bezala, legezko eta parte hartze handiko ekitaldi hauek konpromisoz eta erantzukizunez sustatzeko erabateko asmoa dugu, argi dugulako zer eta nola egiten dugun.
Beraz, herritarrak animaliekiko errespetuz animatu nahi ditugu bigantxekin ondo pasatzera. Gora zezen festa herrikoiak, gora sokamuturra eta gora animaliekiko errespetua”.