
Urtarrilaren 29ko osoko bilkuran Urretxuko Udalak TAO zerbitzuaren ordenantza aldatzea onartu zuen. Zerbitzua Matxinporta, Nekolalde, Jauregi eta Elizalde kaleetara eta Gurutze eta Santa Barbara auzoetara (3. zonaldea); eta Labeaga 33-51, Labeaga 70-74, Ipeñarrieta eta Pagoetara (4. zonaldea) zabaltzea erabaki zen. Ekainetik irailera bitartean aipatutako kaleetako bizilagunek egoiliarren txartelak eskatzeko aukera izan dute, bertan aparkatzeko baimena eduki ahal izateko. Era berean, hilabete horietan seinale bertikalen instalazio lanak eta seinale horizontalen margotze lanak egin dira.
Bizilagun asko irailaren azken egunetan eta urri hasierako egun hauetan ari dira egoiliarren txartelen eskaerak egiten eta, udaltzaingoak horien izapidetzea egiteko denbora behar duenez, 3. eta 4. zonaldeetako zerbitzua martxan jartzea azaroaren 3ra arte atzeratuko da gutxienez. Udalak zerbitzua behin-betiko martxan jarriko den data behar besteko aurrerapenaz jakinaraziko duela iragarri du.