Gema Lizarazu-Jesus Mari Kerejeta eta Itziar Astigarraga-Patxi Lizarazu senar-emazteek urrezko ezteiak ospatu dituzte

Gema Lizarazu-Jesus Mari Kerejeta eta Itziar Astigarraga-Patxi Lizarazu senar-emazteek urrezko ezteiak ospatu zituzten atzo Gabirian, beraien senitartekoekin. 10:30erako elkartu ziren Gabirian, elizkizunerako. Ia ez da igandero mezarik Gabirian, baina, halabeharrez, atzo bazan, eta Mikel Aranguren bikario azpeitiarrak eskainia gainera. Gabirian lehen elizkizuna zuen arren, oso hurbileko ibili zen, eta bi bikoteentzat hitzak izan zituen. Elizatik atera zirenerako, txistulariak zain zeuden: Iñaki, Joxe Mari eta Juan Manuel Kerejeta. Eta, dantzariak protagonisten seme, errain, eta bilobak izan ziren. Ondoren, Aitor Lizarazuk (Itziarren eta Patxiren semeak) honako bertsoa abestu zien:
50 urte berretsiz,
laurok juntu, ze zortea!
Orduko hartan bezela berriz,
aurreskua ta lorea…
Ezkonkideak berdinak dira,
dantzariak ez, ordea!
Seme-alaba ta bilobontzat
zer nolako ohorea!
Gaurko eguna geratu bedi,
gure bizitzan gordea!
Horren ondoren, argazkiak atera zituzten eta Gabiriko ostatuan bazkaldu zuten. Bazkal ostea iluntzera arte luzatu zen.
Gema eta Patxi anai-arrebak dira eta bi bikoteek egun berean ezkontzea erabaki zuten. Gabirian ezkondu ziren eta ondoren Zumarragako Etxeberri jatetxean bazkaldu zuten, 1975eko urriaren 12an. Bazkalostean elurra egin zuen eta gonbidatu batzuk elur-pilota guda egin zuten. Gemak eta Jesus Marik hiru seme-alaba dituzte eta bost biloba. Itziarrek eta Patxik, berriz, bi seme-alaba eta hiru biloba dituzte.