
Asteazken honetako Urretxuko osoko bilkuran 2026ko aurrekontuei buruz eztabaidatuko da eta EH Bilduk prentsa ohar bat bidali du komunikabideetara udal gobernuaren egitekoa modua salatuz.
Oposizioak udal gobernuaren egiteko modua salatu nahi du, negoziaziorako tarterik zabaldu ez izana eta auzo bilerak aurrekontuak onartu ondorenerako uztea leporatuz. “Urretxuko EH Bilduk dagokion arduratik, azken hilabeteotan, eta urtean zehar egindako bilera ezberdinak tarteko, herritarren aldetik jasotako ekarpenak bildu ditu, proposamen sorta bat mahaigaineratuz udal gobernuari. Konbentzituta gaude guztion artean egindako ekarpenekin Urretxu hobe baten alde egin dezakegula”.
Proposamenak bi zatitan banatu dituzte; batetik, ordenantza fiskalen ingurukoak, eta, bestetik, aurrekontuei dagozkienak. Aurrekontuetan Urretxuri espreski loturikoak zein eta Zumarragarekin modu bateratuan egin beharrekoak mailakatu dituzte. Ordenantza fiskalei dagokionez, puntu nagusiena tasetan hobari-sistema progresiboa aplikatzearen proposamena da, hala, “zerbitzuekiko irisgarritasuna unibersalizatzea” du xede kualizio ezkertiarrak. Aplikazioaren eremua Aldiri udal kiroldegian eta kultura eta denbora libreko ikastaroetan ezarri dute. Beste bi puntu nagusi, batetik, udal ordenantzetan genero ikuspegiari dagokion txostena egitea, eta bestetik, etxebizitza auziari dagokionez, etxe hutsen diagnostikoa egitea dira, “ondoren dagozkion neurri fiskalak proposatu ahal izateko, etxebizitzarako eskubidea sustatuz”.
Aurrekontuei dagokionez, Urretxuri espreski loturikoen artean, irisgarritasunari, urbanismoari, kultura eta euskarari, zaintzari, merkataritzari, kirolari eta energiari dagozkien proposamenak barnebildu dituzte.
Zumarragarekin modu bateratuan egin beharrekoen artean, hiru dira aipagarrienak. Batetik, kiroldegiko txartel bateratuaren proposamena, Ispilla eta Aldiri kiroldegietako txartelek bi kiroldegietarako sarbidea izateko. Bestetik, abuztuan aterpe klimatikoen beharraz jardun dute. “Aldaketa klimatikoaren eraginez gero eta abuztu beroagoak datoz gurera, horregatik, geroz eta beharrezkoak dira aterpe klimatikoak. Aterpe klimatikoak barrukoak (eraikinak) edo kanpokoak izan daitezke, helburu nagusia beroak biztanleengan sortu ditzakeen kalteak murriztea izanik. Gurean, Urretxu eta Zumarragako kiroldegi eta liburutegiek aterpe klimatiko funtzioa betetzen dute bete-betean abuztuan. Bi udalerrietako kiroldegi zein liburutegien artean egutegi koordinatu bat egitea proposatzen dugu abuztu osoan urretxuarrek zein zumarragarrek bi zerbitzu hauek izan ditzaten. Bi herrietan abuztu erdialdeko asteak zerbitzurik eman gabe gelditzeak erabiltzaileak beste udalerri batzuetara joatea dakar berarekin. Hori ekiditeko, bi udalerrietako zerbitzu hauen egutegiaren koordinaketa egitea proposatzen dugu, abuztu osoan erabiltzaileak zerbitzurik gabe ez gelditzeko”.
Azkenik, Zumarraga eta Urretxuko gizarte-zerbitzuen laguntza eta zerbitzuak koordinatu eta zerbitzu-karta bateraturantz joateko lanketa eta azterketa egitea proposatu dute.
Horretaz gain, gobernu taldearen “egiteko moduarekin” desadostasunak azaldu dituzte. “Urretxuko udal gobernuak hamar eguneko epean soilik onartu nahi ditu 2026rako aurrekontuak, proposamena bidali zen egunetik onartu nahi denera arte, datorren urriaren 15ean, hamar egun soilik daude eta. Erabaki horrekin, udal gobernuak negoziaziorako tarterik ez du utzi, alegia, EH Bildurekin inolako akordiorik ez egiteko borondatea argia erakutsi du, beste behin. Baina are larriagoa zera da: herritarren ekarpenak eta proiektuak jasotzeari atea itxi diote,
aurrekontuak onartu baino lehenago auzoetako bilerak egiteari ezetz esanez. Gogora ekarri behar dugu 2012az geroztik daudela martxan auzoetako bilerak, hain zuzen ere, garai hartako EH Bilduren udal gobernuak abiatu zituen auzoetako beharrak eta proposamenak jasotzeko foro horiek. Ulergaitza da 2026rako aurrekontuak osatu aurretik auzo bilerak egiteari muzin egin izana, eta, tamalez, udal gobernu honen goitik beherako egiteko moduan beste urrats bat baino ez da”.