Alkateak Dikar enpresa Zumarragan ezartzearen inguruko azterketa egitea baztertu zuela salatu dute

Zumarragako EH Bilduk Dikar enpresak (Ternua erosi duen enpresak) Zumarragara etortzeko asmoa azaldu zuela gogoratu du. EH Bilduk alkateak ez zuela interesik erakutsi salatu du, prentsa ohar baten bidez. Horra hor prentsa oharraren edukia.
“Pentsatzea Ternua berriki erosi duen Mondragon taldeko kooperatiba bat gaur Zumarragan egon zitekeela, gutxienez, mingarria da. 2018an, kooperatiba hori kokapen berri baten bila zebilen. Arcelorren lursailen interesa agertu zuen eta gure alkatearekin ere bildu zen. Hala ere, honek, aldebakarreko erabakiz eta inorekin kontsultatu gabe, baztertu zuen gure herrian
ezartzeko aukeraren inguruko edozein azterketa. Arrazoia, hainbat aldiz adierazi duenez, kooperatiba horrek armamendua fabrikatzen zuela zen, eta ez zetorrela bat Zumarragarako zuen enpresa prototipoarekin. Paradoxikoki, ondoren, Plastic Energy erraustegia gure udalerrian ezartzeko ahalegin guztiak jarri zituen. Gaur egun, kooperatiba honek 250 lanpostu sortzen ditu, Arrasaten dago kokatuta. Eta gaur prentsan irakurri dugu ehiza, tiro-kirola eta aire libreko kirolaren sektoreetan zentratzen duela bere jarduera, eta Ternua Group erosi duela, euskal marka horren industria, enplegua eta errotzea babesteko konpromisoaren barruan. EH Bildutik guzti hau impotentziaz bizi dugu: ikusten dugulako erabaki pertsonal eta aldebakarrekoek Zumarragaren etorkizuna hipotekatzen dutela. Garapen industrialari buruzko erabaki garrantzitsuak ezin dira herritarren eta udal taldeen bizkar hartu. Zumarragan jarraitzen dugu ezinbestekoa den gobernu estilo berri bat eskatzen: parte hartzaileagoa eta gardenagoa, akatsak egin ditzakeena edo asmatuko duena, baina beti entzun eta interesatu guztiekin kontrastatu ondoren erabakiak hartuko dituena. Inoiz ez erabaki unipersonaletan oinarrituta, partekatuak ez direnak, ia sekretuan kudeatuak, eta zeinek gure herriaren etorkizunerako funtsezkoak diren elementuak baldintzatzen dituzten ondorioak dituzten”.