Antolatzaileek Bizkaia mendebaldeko Pozalagua kobazuloa “zirraragarria” dela diote. “Naturaren zirrara beste inon ez bezala azaltzen da Karrantzako Pozalagua kobazuloan. Beste inon aurkitu ezin daitekeen ikuskizuna eskaintzen du:forma imajinaezinak hartzen dituzten estalaktita eszentrikoen pilaketarik handiena. Grabitate legeei aurre eginez, edozein norabidetan hazten dira, mosaiko liluragarria osatuz”, diote txangoaren aurkezpen idatzian. El Karpin parke ekologikoak ere merezi du. “Basoko animaliak hartzeko zentroa da. Balio handiko parke ekologikoa”.
Parte hartzaileak 08:20ean elkartuko dira Urretxuko Iparragirre plazan. 10 minutu iraungo duten azalpenen ondoren, Bizkaira abiatuko dira. 11:00etan Pozalagua parketxera iritsiko dira eta 12:00etan kobazuloa bisitatuko dute. 13:15ean Pozalaguako Aizko jatetxean bazkalduko dute. 16:00etan El Karpin parkea bisitatuko dute eta 18:00etan Urretxura abiatuko dira. 20:00ak aldera iritsiko dira herrira.
Helduek 46,40 euro ordaindu behar dute (autobusa, gida, sarrerak eta bazkaria barne) eta gazteek 33 euro (7-16 urtekoak, heldu arduradun batekin joan beharra dute).
Parte hartu nahi dutenek urrelur@urretxu.eus helbide elektronikora mezua bidali behar dute, izen-emate orria beteta. Izen-emate orria urretxu.eus webgunean aurkituko dute.