
Urretxuko gobernu taldeak (EAJ eta PSE-EE) EH Bilduk 2026ko aurrekontuei eta ordenantzei buruz esandakoei erantzun die. EH Bilduk esandakoa “zehaztugabea” dela eta informazio garrantzitsua alde batera utzi duela diote. “Harrigarria da funtsezko gauza bat ez aipatzea: udalak bere historiako aurrekontua handiena onartuko du, 17’5 milioikoa hain zuzen ere. Talde honek gobernura heldu zenean onartu zuenaren bikoitza baino gehiago. Kopurua esanguratsua bada, edukia are gehiago”.
Iaz EH Bilduk abstentzioa eman zuela gogoratu dute. “Hori dela eta, ulergaitza egiten zaigu egungo postura ulertzea. Are gehiago, 2026ko aurrekontuetako hainbat egitasmo babesten dituztela jakinda”.
Aurrekontuak ahalik eta azkarren onartzearen arrazoiez ere mintzatu dira. “EH Bilduk badaki plantilla egonkortzeko prozesu betean gaudela, araudiak eskatuta. Ordenantzen eta aurrekontuaren diseinuan funtsezkoak diren bi langile ordezkatu behar ditugu. Hori dela eta, egitasmoen tramitazioa eta betetzea bermatzeko, gobernu taldeak aurrekontuaren onarpen epeak aurreratzea erabaki zuen. Helburua Aldiri Bi kiroldegiko finantziazioa arriskutan ez jartzea zen. Izan ere, egitasmo garrantzitsuena da”.
EAJk eta PSE-EEk beste egitasmo batzuk ere aipatu dituzte: Mundo Mejorreko aparkaleku berria, Lilibasotik igerilekura irteera… “Gainera, 2025. urtea amaitu aurretik beste egitasmo garrantzitsu batzuk martxan jarriko dira: eguneko zentroaren berritze eta handitzea, rokodromoaren eraikuntza, San Martineko parke estaliko komuna, Aspaceren egoitza berriko obraren amaaiera, Pagoeta gune soziokulturalaren egokitzea…”.
Herritarren parte hartzea bermatzen dutela gehitu dute. “2015etik jarrera irekia eta harbera dugu. Herritarrekin bilerak egiten ditugu, beti bezala, gardentasun osoz, proposamenak jasotzeko. Bilera horietan azalduko diegu zergatik aldatu diren epeak. Horren arrazoiak behin baino gehiagotan azaldu dizkiogu EH Bilduri. Gainera, bileretan auzo bakoitzeko egitasmoen berri emango dugu”.
Bukatzeko, EH Bilduri eguneroko lanari eta lankidetza eraikitzaileari lehentasuna ematea gomendatu dio, “arreta mediatikoari lehentasuna eman beharrean”. Urretxuarrek eztabaida “zorrotza eta arduratsua” merezi dutela gehitu dute, “denok elkarrekin pausoak ematera bideratua”.