Auzoari begiratu bat eman dio, ikuspuntu poetikotik

Gorka Erostarbe kazetari eta idazle zumarragarrak Auzokinak poesia liburua argitaratu du Elkar argitaletxearekin. Auzoa ardatz duen liburu hau herriko hainbat tokitan eskura daiteke dagoeneko.
Erostarbe beti izan da poesia zalea. «Lizeo garaitik gustatzen zaidala esango nuke, Ritxi [Babarro] irakasle izan nuen garaitik. Literatura dezente sartu zigun. Garai hartan dezente idazten nuen, argitaratu eta lehiaketetara bidali gabe. Gero utzi egin nuen».
Azken urteetan gehiago irakurri eta idatzi du. «Pandemia garaian, guraso izan berritan, beste denbora mota bat izan nuen, bizitza azeleratu horretatik kanpo, eta idazten hasi nintzen. Ondo sentitu nintzen. Ohiko jardunarekin zerikusirik ez duen denbora bat da. Gozatu egin nuen eta horrek jarraitzeko indarra eman zidan. Facebooken poema bat edo beste jarri nuen eta Xabier Mendiguren Elkarreko editoreari gustatu egin zitzaizkion. Amua bota zidan. Gehiago idatziz gero, begiratzeko, edizio lana egiteko eta argitaratzeko prest zegoela esan zidan. Horrek beste bultzada bat eman zidan».
Poema gehienak azken sei urteetan idatzitakoak dira, baina gaztaroko batzuk ere berreskuratu ditu. Morauk kantu bilakatutako bat ere berreskuratu du. Poema guztien ardatza auzoa da. «Idatzi nuen lehenengoan jada auzoa azaldu zitzaidan eta ikuspegi poetikotik auzoari begiratu bat ematea gauza polita izan zitekeela iruditu zitzaidan. Auzoa da bizitzarako neurri egokiena. Urte askotan abandonatua izan dut, lanagatik, gaztetan kanporako joera duzulako… Bizitzak berriro auzora ekarri ninduen eta poetizatzea erabaki nuen, idazterakoan zer eman dezakeen ikusi. Askotan poesia eta literaturaz ari garenean begirada altxatu beharra dagoela iruditzen zaigu, goitik begiratu, eta kasu honetan kontrakoa egin dut: begirada jaitsi eta auzoan gertatzen diren gauzatxo horiek modu poetikoan azaldu».
Ez du auzoa idealizatu nahi. «Poetizatzea ez da idealizatzea. Auzoan ere gizartearen zuloak, arrakalak, miseria, prekarietatea… ikusten dira. Kafetegietan, parkean… belarriak eta begiak adi jartzen badituzu, gizarte azkar, ultraproduktibista eta ultrakapitalista honen zauriak azaltzen dira. Horietan begia jartzea eta poesia bidez ematea ariketa interesgarria iruditzen zait. Baita auzoko jendeari begiratzea ere. Gertutik gerturako harreman horiek interesatzen zaizkit gehienbat».
Espazio fisiko eta sinbolikoa
Auzoaz mintzo denean, espazio fisikoaz ari da, baina baita sinbolikoaz ere. «Espazio konkretu bat da, Elizkale ingurua, baina baita imajinarioa, poetikoa, politikoa… Kontzeptu bat da. Bestalde, auzotik bi bide abiatzen dira. Bata kostaldera eta bestea lanera. Oso umetatik, kostaldean familia dudalako, bihurgunez betetako errepidetik Zarautzera joan naiz. Hor haurtzaroa nola bizi izan nuen azaldu dut. Haurtzaroan auzoa zer zen, bai hemen eta bai Zarautzen. Beste bidea lanarekin lotua da: N-1 errepidea. Horko estresa, galtzen den denbora eta energia, lanak ekartzen dituen loturak, istripuak, errepidearen alienazioa, langile jendea nola ibiltzen den, gasolindegiak, lanagatik ezagutu dudan kultura mundua…».
Estiloari dagokionez, kontrastea bilatu duela dio. «Poema batzuk luzeagoak dira, narratiboagoak. Ia-ia kazetari estilora hurbiltzen dira. Ikusten dudan hori kontatzen dute. Beste batzuk laburragoak dira. Kolpea ematen dute. Abstrakziora jo dut eta niri gustatzen zaidan surrealismoa eta umore puntua dute. Kazetaritza egiten dudanean idazkera poetikoa ateratzen zait, batez ere zutabeetan, eta poesian kontrakoa: periodistikoa edo narratiboa ateratzen zait askotan. Estilo askotako poetak gustatzen zaizkit. Lizardi, Bitoriano Gandiaga, Gabriel Aresti, Jose Luis Otamendi, Hedoi Etxarte… Kanpoko batzuk ere bai».
Edonor agertzea eta edonorentzat erakargarri izatea bilatu du. «Literaturaren autoerreferentzia horietan aritzea baino gehiago, begirada kalean eta bizitzan jartzea erabaki nuen. Edonor islatuta ikusi daitekeen poesia egiten saiatu naiz, abstrakzio handiegitan sartu gabe».
Jendeari poesiara hurbiltzea gomendatzen dio. «Gaur egun dena kalkulua, estrategia, efikazia… da: lanean, guraso bezala, aisialdian… Poesia hortik kanpokoa da. Beste denbora bat du. Hori topatzen baduzu, sekulakoa da. Idazten asko gozatu dut. Argitaratzeko aukera suertatzen denean, gaitzesten dudan mundu produktibo horretan sartzen zara. Poesia irakurketarekin berbera gertatzen da. Kosta egiten da jartzea, baina lortzen baduzu, sendagarria da. Mundu gero eta indibidualizatuago honetan, jendeari poesia ematea interesgarria da. Poesiak jendearengana heltzea lortzen duenean, testuinguru komunikatibo potentea lortzen da», azaldu du.
Liburua Urki eta Legazpi liburu-dendetan, Lanbroa belar-dendan, Motz tabernan eta Xera fisioterapia-osteopatia zentroan eskura daiteke. «Dendak, tabernak… auzokinak kontzeptu horretan sartzen dira».
Etorkizuna
Oso gustura dago egindako lanarekin. «Animoa eman dit. Elkarreko Xabierrek begia botatzea eta animatzea gauza polita da eta ikasi egin dut, gainera. Aurrera begira, etxeko bi txikien bizipenetan oinarritutako komiki liburu bat egin nahi dut. Auzokinak liburuko ilustrazioa nire bikoteak egin du, Saioak, eta liburukoak ere berak egingo lituzke».