Txiki-Txoko zerbitzua gaur hasiko da martxan Zumarragan, Lepaka guraso elkartearen eta udalaren eskutik

Gaur (ostirala) ekingo zaio 0-3 urte bitarteko haurrentzako eta beraien familientzako zerbitzuari, iazko esperientzia onaren ondoren. Txiki-Txoko Zumarragako Euskadi plazako 4 zenbakian, Gure Txoko adinekoen egoitzako 4. solairuan dago kokatua, eta ostiral arratsaldeetatik igande arratsaldeetara eskaintzen da zerbitzua. Aurreko ikasturtean, 3.726 erabiltzaile pasatu ziren bertatik, azaro erdialdetik ekain hasierara.
Zerbitzua ostiral arratsaldez, eta larunbat-igandeetan goiz eta arratsaldez eskainiko da. Zerbitzua baliatu ahal izateko nahikoa da eskubide eta betebeharren dokumentua betetzea (arautegia egokitu denez, iaz bete zuten familiek ere bete beharko dute).
Aurkezpena atzo egin zuten. Mikel Serrano Zumarragako alkateak positiboki baloratu zuen 0-3 urte bitarteko haurrei eta familiei aurreko ikasturtean eskaini zitzaien zerbitzua.
Lepakako Miren Arbonies eta Amaia Torner kideek eskerrak eman zizkioten Zumarragako Udalari orain arteko elkarlanarengatik, eta, ahal den neurrian, ordutegia zabalagoa izateko eskaera egin zuten. Horrez gain, Urretxuko Udalarekin elkarlanera iristeko gogoa azaldu zuten, zerbitzua osoagoa izan dadin.
Alkateak hartu zuen berriro hitza, eta eskerrak eman zizkion Lepakari hasieratik erakutsi duten konpromiso eta elkarlanerako borondateagatik, eta Urretxuko Udalarekin ere elkarlan horretara iristeko asmoa berretsi du. Baita zerbitzua ordu gehiagoz eskaini ahal izateko aukerak aztertzen ari direla adierazi ere.
Horrekin guztiarekin, 0-3 urte bitarteko haurrak dituzten familia guztiei gonbidapena luzatu diete Txiki-Txoko zerbitzura gerturatzeko.