Joanes Izagirrek eta Xabier eta Jon Zalduak Euskal Timber lehiaketaren lehen edizioan parte hartuko dute
Basoa non, aizkora lehiaketak han. Munduko toki bakoitzean era batera egiten dira, baina bada mundu mailan nagusitzea lortu duen lehiaketa bat: Stihl Timbersports du izena eta Eurosport katean ematen dute, besteak beste. Aurten, lehenengoz, Euskal Herri mailako txapelketa egingo dute. Euskal Timber du izena. 23 kirolarik parte hartuko dute, horietatik bost goierritarrak: Xabier eta Jon Zaldua aita-seme zumarragarrek, Joanes Izagirre urretxuarrak, Haritz Goena lazkaotarrak eta Jesus Mari Lasa legorretarrak.
Lehiaketa hau 1985. urtean jarri zuten martxan, Ameriketako Estatu Batuetan, Stihl motozerra enpresaren eta ESPN telebista katearen eskutik. 2000. urtean Europan antolatu zen lehenengoz. Egun, lau kontinentetan egiten da eta hogei bat herrialdetako 2.000 kirolari inguruk parte hartzen dute. Aizkorarekin, zerrarekin eta motozerrarekin hainbat ariketa azkar egiten dituzte. Lehiaketa honek milaka eta milaka jarraitzaile ditu.
Aipatu bezala, aurten Euskal Herriko txapelketa antolatu da lehenengoz. Helburua gazteak herri kirolen mundura erakartzea da. 23 kirolarik eman dute izena: Ander Altuna, Borja Fernandez, Dani Vicente, Eloy Corchero, Emilio Garcia, Eneko Saralegi, Ibai Soroa, Iker Vicente, Ioritz Gisasola, Unai Valverde, Urtzi Olasagasti, Jokin Urretabizkaia, Julen Kañamares, Julen Alberdi, Manuel Fraile, Mikel Agirre, Mikel Larrañaga, Oier Cañamares eta bost goierritarrek.
Izena eman duten gehienentzat lehiaketa berria denez, ikastaroa egin dute Otsagabian eta Zumarragan (Zalduatarren Gurrutxazpi baserrian) Dani Vicenterekin. Bertan, lehiaketaren araudia eta motozerraren eta trontzaren erabilera egokiak ikasi dituzte.
Ikasi beharreko guztia ikasi ondoren, hilaren 15ean kanporaketa jokatuko dute (ateak itxita). Hamasei kirolari sailkatuko dira finalera. Finala abenduaren 20an jokatuko da, 18:00etan, Zarauzko Aritzbatalde pilotalekuan. Sarrerak atzo jarri zituzten salgai, entradium.com webgunean.
Goierritarrak gogor ari dira entrenatzen hilaren 15eko kanporaketarako. Bi zumarragarrak eta urretxuarra Zumarragako Gurrutxazpi baserrian elkartzen dira. Lau proba prestatzen ari dira: motozerrarekin kanaerdiko bat moztu, etzandako 45 ontzako enbor bat ebaki, trontzarekin (bakarka) kanaerdikoa moztu eta zutikako 45 ontzako enbor bat ebaki. Txopo egurra erabiliko dute, egur hori erabiltzen baita Stihl Timbersports lehiaketetan. «Pagoa baino askoz ere bigunagoa da, zutikakoa 18 bat segundotan mozten dute», azaldu du Xabier Zaldua Zumarragako aizkolari beteranoak.
Aizkolari indartsuak
Lehiaketa honetan parte hartzen duten aizkolariak oso indartsuak dira. «Guk hiru bat minutu behar ditugu oraindik proba egiteko eta errekora 48 segundotan dago. Igandean Stihl Timbersports-en munduko txapelketa irabazi duten australiarrak Euskal Herriko Aizkolari Txapelketako finala ikustera etorri ziren eta gu baino handiagoak dira. 140 kiloko pisua dute. Lan motzetan ondo moldatzen dira, baina hortik aurrera, mingaina aterata. Guk egiten ditugun lanak egitea ezinezkoa iruditzen zaie», gehitu du.
Euskal Herriko aizkolariak lan luzeagoak egitera ohituta daude, baina probatzea erabaki dute. «Stihl Timbersport lehiaketa beti gustatu zait. Youtuben eta Eurosport-en ikusten dut. Joanes gurekin aritzen da eta bera ere animatu egin da», azaldu du zumarragarrak.
Urretxuko Ipeñarrieta baserriko semeak urtebete inguru darama aizkorarekin. «Beti gustatu zait eta probatzea erabaki nuen. Gustatu egin zait. Xabierrekin probatu nuen eta beraiekin jarraitzen du», azaldu du.
Euskal Timberra prestatzeko, berriz, gainontzekoek bezala, Daniel Vicenteren laguntza du. Izan ere, Iker Vicente txapeldunaren aitak zortzi aldiz parte hartu du dagoeneko Stihl Timbersports lehiaketan. «Ez da egurra moztea bakarrik. Kalera bidali zaitzaketen sorginkeria asko daude. Ez badituzu Stihl-en arauak betetzen, nahiz eta denbora onena egin, kalera joan zaitezke. Motozerra ezin da jendeari begira arrankatu, katea askatzen bada arriskutsua izan baitaiteke. Motozerra lurrean jarri behar da arrankatu baino lehen. Bestalde, behatzak egurrean jarrita egon behar dira epaileak irteera eman arte. VARa egoten da, futbolean bezala. Lanak kaskoa eta betaurrekoak jarrita egin behar dira eta amaitutakoan utzi egin behar dira, ez bota. Hanka-sartze asko egoten dira».
Ateak itxita
Kanporaketa ateak itxita egingo da, antolatzaileek beraiei dagokien lana ondo egiten ikasteko aukera izan dezaten. «Entsegu modukoa izango da, egurrak jartzen eta kentzen ikasteko». Antolatzaileek euskal gazteek egunen batean Europa mailako txapelketan parte hartzea espero dute. Lehen pausoa hilaren 15ean emango dute.
