Monica Leiva kazetariak Palestinaren etorkizunari buruzko hitzaldia egingo du Urretxuko kultur etxean
Monica Leiva kazetariak El futuro de Palestina hitzaldia egingo du bihar (osteguna), 18:00etan, Urretxuko kultur etxean. Hitzaldia Palestinaren Aldeko Gazte Komiteak antolatu du, Palestina askatzeko Israel desegin lemapean. “Azken asteetan, bake plana ezarri zenetik, 600 palestinar gehiago erail ditu Israelek. Guztira, 67.000 baino gehiago dira hildakoak, horien artean 20.000 haurrak, eta oraindik bizirik daudenak gosearen eta gaixotasunen aurka borrokatzen ari dira. Garbiketa etnikoaren proiektu espantsionistak aurrera jarraitzen du munduko agintari politikoen babesarekin eta enpresa handien finantzaketarekin (CAF, Carrefour, BBVA, Spotify, Sidenor…). Egoera ikusita, Palestinaren Aldeko Gazte Komiteetatik kaleetan borrokan jarraitu nahi dugu Israelen desegitearen aldeko mezuak zabalduz, genozidioaren konplizeak eta bi estatuen irtenbide faltsua seinalatuz, eta palestinar erresistentziari gure babesa adieraziz. Bide horretan, datorren ostegunean (azaroak 13, 18:00etan), Palestinaren gaur egungo egoeran sakontzeko hitzaldi bat antolatu dugu Urretxuko kultur etxean, Monica Leivaren eskutik. Sei urtez Ekialde Hurbilean bizi izan zen eta SEReko korrespontsala izan zen”, azaldu dute antolatzaileek.
