Goierri garaiko EH Bilduk Osasun komunitarioa eta osasun mentala hitzaldia antolatu du datorren ostegunerako (hilak 20). Zumarragako Zelai Arizti kultur etxean izango da, 18:30ean.
Hitzaldian Unai Asurmendi Etxarte, jarduera fisikoarena sustapenerako teknikaria; Iñaki Barrutia Arregi, Osakidetzako psikologo jubilatua; eta Edurne Elizondo Mitxelena, elkarri laguntzeko agentea; arituko dira. Rebeka Ubera legebiltzarkidea izango da moderatzailea.
EH Bilduk gogoeta eta elkarrizketarako gune bat ireki nahi du gai horren inguruan. “Osasuna, bai fisikoa nola mentala, guztion kezka da. Duela bost urte baino gehiago itxi zuten anbulatorioko larrialdi zerbitzua, orduan 24 orduz eta asteko 7 egunetan zabalik zegoena, pandemiaren aitzakiarekin. Gaur egun oraindik ez da zerbitzu osoa berreskuratu, eta herritarrek osasun publiko eta kalitatezko baten alde jarraitzen dute borrokan”, azaldu dute antolatzaileek.
EH Bilduk Zumarraga, Urretxu eta inguruko herrietako pertsona guztiak gonbidatzen ditu ekitaldian parte hartzera. Era berean, 24/7 herri plataformaren lana nabarmendu nahi du, zeinek larrialdi zerbitzua berreskuratzeko eta euskal osasun sistema publiko eta sendo baten alde borrokatzen jarraitzen duen.
