Gipuzkoako erresidentzia eta eguneko zentroetako lan gatazkak jauzi bat egin du eta sei erresidentzietako langileek greban jarraituko dute abenduaren 19 arte. Sei erresidentzia horietako bat Zuamarragako Argixao (Gerozerlan-Matia) da. Beste bostak Errenteriako Sagrado Corazon (Eulen Sociosanitario), Donostiako Villa Sacramento (Domusvi-Mitie), Txara II (Biharko Gipuzkoa) eta La Paz (GSR) eta Zumaiako San Juan (Clece mayores) dira. Gainera, eskatutako edukiak patronalek edo enpresek mahai gainean jarri ezean, ez dute baztertzen greba luzatzea.
Langileek 12 greba egun egin dituzte guztira Gipuzkoan gatazka hasi zenetik. Patronalen negoziatzeko borondate falta salatu dute, eta manifestazioa egin. Era berean, aldundiari ere mezu zuzena igorri zioten atzo Donostian egindako prentsaurrekoan: ELAk uste du EAJk eta PSE-EEek aukera paregabea dutela eztabadaigai diren aurrekontuetan. “Eraikin berriak egiteko iragarritako 53 milloi euroz haratago, langileen aldarrikapenak kontuan hartu behar ditu aurrekontuak eta genero berdintasunean pausuak ematen hasi. Horregatik, sindikatuak oposizioari ere eskatzen dio ez dezatela onartu langileen aldarrikapenak jasotzen ez dituzten aurrekonturik. Besteak beste, %100eko lan kontratuak eta soldata arrakalarekin amaitzea. Izan ere, sektoreko langileen ia erdiak kontratu partzialak ditu eta soldata arrakala urtean 10.000 eurotik gorakoa da. Diagnostiko hori pasa den ekainean egin zuen sindikatuak batzar nagusietan egindako agerraldian. Foru gobernuaren aldetik kezka agertu bazen ere, ez da neurririk hartu. Are gehiago, prentsan EAJ eta PSE-EEek aurkeztu duten aurrekontu proiektuan iragarri dute %12 handituko dutela gizarte politiketako diru partida, gizarte azpiegitura berrien sorrera bultzatu, zainketen eraldaketa sustatu eta sortzen ari diren errealitate sozialei erantzuna emateko. Partidaren handitzeko hori, ordea, azpiegituretara bideratu nahi da, %83, eta ez zainketak benetan eraldatzera eta hobetzera. Horregatik, Gipuzkoako erresidentzietako eta eguneko zentroetako langileek mobilizazioekin
jarraituko dute”.
