Urretxuko Udalak rokodromoa egin behar du Mugitegi industrialdeko 300 metro koadroko pabilioi batean. Egitasmoa herriko eskalatzaileekin batera garatu du.
Rokodromoan hainbat gune izango dira, maila guztietako eskalatzaileentzat: hastapeneko boulderra, entrenamendu eta beroketa gunea, 25ºko Moon horma, sokazko rokodromoa eta maila ezberdinetako boulder-a. Horretaz gain, aldagelak eta atseden gunea egingo dituzte. Aurrekontua 316.385,91 eurokoa da.
Rokodromoa adin guztietako bizilagunek eta ikastetxeek erabili ahal izango dute. Urretxuko Udalak kirol instalazioak modernizatzeko lan egiten ari da eta hurrengo pausoa Aldiri2 kiroldegia eraikitzea izango da.
Rokodromoa gaur arratsaldean aurkeztu dute, udaletxean. Jon Luqui alkateak egitasmo hau udalaren eta herriko eskalatzaileen arteko elkarlanaren fruitua dela esan du. “Eskalatzaileek beraien esperientzia eta ilusioa eskaini dituzte. Eskalada sustatu nahi dugu eta herritarrei instalazio moderno, seguru eta erakargarriak eskaini nahi dizkiegu. Kirol instalazioak berritzen ari gara eta azpiegitura berri hau pauso garrantzitsua da. Berritze prozesua Aldiri2 kiroldegiaren eraikuntzarekin amaituko da. Obra 2026ko erdialdean hasiko da”.

