Aitor Mendiluze, Aitor Bizkarra, Nerea Elustondo eta Mikel Iturriotzek abestuko dute Luzio Gabiriaren omenezko bertso saioan
Luzio Gabiriaren omenezko bertso saioa Santa Lutzi ondoren izango da aurten: abenduaren 14an (igandea), 18:00etan, Zelai Arizti aretoan. Beste urtebetez, Zumarraga-Urretxuko bertso eskolak, Zumarragako Udalaren laguntzarekin, primerako saioa antolatu du. Aitor Mendiluze, Aitor Bizkarra, Nerea Elustondo eta Mikel Iturriotzek abestuko dute.
Bertsolaritzan bide luze bezain oparoa daramate Aitor Mendiluze eta Nerea Elustondok. Gipuzkoako Txapelketan nahiz Euskal Herrikoan askotan hartu dute parte biek, eta plazan ere jardun oparoa dute. Ziur bertsozaleek gogoan dituztela haien bertsoaldi bat baino gehiago.
Plazan urte gutxiago daramatzan arren, teknikan zein kontakizunaren aberastasunean ere bikain aritzen da Aitor Bizkarra. Aurtengo Bizkaiko Txapelketan finalean izango da, eta bidean egin duen lanak zeresan handia eman du bertsozaleen artean.
Ez da atzean geratzen aurtengo herriko ordezkaria. Mikel Iturriotzek ere urteak daramatza han eta hemen kantatzen, eta ziur etxean arituta bere zertzelada uzten asmatuko duela.
Sarrerak on-line nahiz egunean bertan erosi ahalko dira, lehiatilan, 10 euroan.
