Euskararen Eguna ospatu dute, Zintzo Mintzoren eskutik
Ehunka lagun elkartu dira gaur Zumarragako azokan, Zintzo Mintzok Eguna ospatzeko antolatu duen ekitaldian. Zapiaren dinamikako argazkiak proiektatu dituzte, Manex Mantxolak abenduaren 27an Bilbao Arenan egingo den Pizkundea ekitaldiaren berri eman du, Gorka Erostarbek Auzokinak liburuko poema batzuk irakurri ditu, Iñigo Ramosek Nerea Gabirondok zapiaren dinamikako hitzekin egindako segidilla abestu du, Olaiak eta Amaiurrek kontzertua egin dute, Jordi Bermejok eta parte hartzaileek murala egin dute zapiaren dinamikako hitzekin eta azokan elkartutako guztiek mokadutxoa egin dute.
Lehenago, haurrek street scape-a egin dute bi herrietako dendetan eta Labeaga aretoan Euskararen Kriseilua ekimenaren amaiera ospakizuna egin dute. LH1eko haurrek azken asteetan euren etxeetan izan dituzte kriseiluak, etxean euskararen erabilera indartzeko. Gaurko ekitaldian haurrek diploma jaso dute eta ipuin kontaketa saioa izan da.

