Munduko proba azkarrenetakoa izatea espero dute
Otsailaren 22an Urolako Trenaren inaugurazioaren mendeurrena izango da. Hori dela eta, herritar talde batek Urolako Trena Maratoia antolatu du. Urolako Trenaren ibilbidean egingo dute, egun bidegorria dena. Lehen edizioan maratoi erdia egingo dute (Zumarragako geltokitik Azpeitiko Trenaren Euskal Museora), baina 2027tik aurrera (Gipuzkoako Foru Aldundiak bidegorria Zumaiaraino luzatzen dutenean) maratoia egiteko asmoa dute.
Ekimen honek ondare historikoa eta kirola batu nahi ditu. Bailarako ondare historikoaren balioa aldarrikatu nahi du, bisitariak erakartzeko. Parte hartzaileek ingurune natural ikusgarri batean korrika egingo dute eta, gainera, beraien markak hausteko aukera izango dute.
Izan ere, ibilbidea oso aproposa izango da horretarako: ia une oro aldapan behera, baina aldapa biguna eta erregularra. Zumarragako irteera puntua 356 metroko altueran egongo da eta Azpeitiko helmuga 80 metroko altueran. Metatutako desnibel positiboa 28 metrokoa izango da eta negatiboa, berriz, 310 metrokoa. Azkenaldian horrelako proba asko antolatzen ari dira: korrikalariei beraien markak hobetzeko aukera ematen diete, nahiz eta markak ez diren homologagarriak.
Egitasmo honen helburua lasterkari herrikoiak erakartzea da. Maratoi erdiko distantzia probatu nahi dutenak, hain zuzen ere.
Antolatzaileek korrikalariek eta beraien senitarteko eta lagunek esperientzia bikain bat bizitzea nahi dute. Horretarako, hainbat ekitaldi antolatuko dituzte lasterketaren inguruan. Ibilbidean zehar animazioa egongo da, besteak beste. Antolatzaileek munduko lasterketa azkarrenetako bat izatea espero dute. Izen-ematea aste honetan bertan irekiko dute.
