Zumarragako Udalak Zelai Arizti kultur etxeko ikasketa gelaren ordutegia zabaldu du, goi mailako ikasketak egiten ari direnen eskaera gero eta handiagoari erantzunez. Ikasketa gela urtarrilaren 25era arte egongo da zabalik: larunbat, igande eta jai egunetan 07:30etik 21:30era. Orain arte, larunbatetan 13:30etik 20:30era irekitzen zen eta igande eta jai egunetan 09:30etik 20:30era.
Udalak ikasketa-gela gaueko ordutegian ere zabaltzeko aukera aztertu du, baina oraingoz ez da teknikoki bideragarria. Gauean irekiak mantentzen dituzten udalerriek gaueko udaltzaingo zerbitzua dute. “Segurtasun eta ardura instituzional arrazoiak direla eta, eredua oraindik ezin da aplikatu”, adierazi du Iñaki Mendiluze zinegotziak.
Zerbitzu hau erabili nahi dutenek eskaera orria bete behar dute eta Zelai Ariztiko harreran entregatu edo posta elektronikoz kulturetxea@zumarraga.eus helbidera bidali. Eskaera onartzen denean, plazaren bat libre badago, eta instalaziora sartzeko ezinbestekoa den txartel pertsonalizatua emango diote eskatzaileari. Txartela pertsonala da.
Mendiluzek ikasten ari direnei “egokiak, egonkorrak eta kalitatezkoak diren espazioak” eskaini nahi dizkietela esan du. “Lasai ikasteko aukera izatea, leku egoki baten erabilgarritasunaz kezkatu gabe. Udal gobernuarentzat aukera berdintasuna bermatzeko tresna bat gehiago da”.
Udalak ikasleak zerbitzu hau erabiltzera gonbidatu ditu, eta eredua hobetzen lagunduko duten proposamenak aurkeztera animatu ditu.
