Isuo zumarragarrak Suzko ikurra diskoa argitaratu du. 10 kantako diskoan, Isuoren gitarra eta ahotsaz gain, Bargi abeslari antzuolarraren ahotsa ere aurkituko daiteke. Aritz Ormazabal urretxuarra izan da ekoizpenaren arduraduna eta Mariñe Arbeo zumarragarrak egin du diseinua.
Isuoren musikak, doinu goxo eta kulunkarietan zehar, hainbat sentsazio sortzen ditu: garratzak, gozoak, intimoak, sakonak. Letra poetikoetan irudi onirikoak eta misteriotsuak ageri dira, musikarekin batera armiarma sare estua osatzen dutenak. Leku asko uzten dute entzuleak norbere irakurketa egin dezan.
Isuok Durangoko azokan, Plateruena aretoan, aurkeztu zuen diskoa igandean.
Diskoa Badoken argitaratu da eta ondoren Bandcampen eta beste zenbait plataformatan argitaratuko da (Spotifyen ez, noski).


