Zumarragako adinekoen egoitzako langileak udaletxean itxialdia egiten saiatu dira, baina ez diete utzi
Gipuzkoako adinekoen egoitzetako eta eguneko zentroetako langileak greba egiten ari dira. 100%eko lan kontratuak eskatzen dituzte, besteak beste.
Gaur lan gatazkak 171 greba egun bete ditu. Atzo Errenteriako eta Zumaiako udaletxeetan itxialdiak egin zituzten eta gaur Ordiziakoan eta Zumarragakoan egiten saiatu dira. Ordizian egin dute, baina Zumarragan ez diete utzi. Udal gobernuak ez du ekimena babestu.
ELAk grebarekin jarraitzeko arrazoiak azaldu ditu. “Pasa den astean burututako azken mahai negoziatzailean patronalek ez zuten prekaritatearekin amaituko lukeen kontratazioari buruzko inongo neurririk ekarri. Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundia, negoziazio mahaian zuzenean parte hartzeko deiari muzin eginda, ez da gai agindu zuen langileen prekaritate eta genero diskriminazioari aurre egingo dion lan hitzarmen bat mahai gainean jartzeko. Hau honela, langileek euren aldarrikapenak udaletara eraman dituzte oraingoan. Bertako ordezkaritza politikoei ardura eta urgentzia politikoa eskatu diete. Baita behingoz hitzarmenean partzialtasunarekin amaitzeko neurriak jar ditzatela eskatzeko ere. Izan ere, sektoreko langileen ia erdiak borondatezkoak ez diren lan kontratuak ditu. Datu hau azken urteetan areagotzen ari da, baina egoitzen antolamendua aztertuz inondik inora ez da datua justifikatzen. Zaintza esparruko enpresen mozkinak biderkatzeko estrategia da. %100eko lan kontratuak ezartzea eskatzen dute langileek, besteak beste”. Hau honela, langileek ez dute baztertzen datozen egunetan udal gehiagotan itxialdiak egitea.

