Esprint estuan gailendu zitzaion Rui Oliveirari, Peso de Regua hirian amaitutako 132 kilometrotako etapan, atzo. Euskaltel-Euskadi taldeko urretxuarraren lehen garaipena da profesionala denetik.
ARGAZKIA: Euskaltel-Euskadi Xabier Isasa urretxuarrak lehen garaipena lortu zuen atzo txirrindulari profesional denetik Volta a Portugalen. Euskaltel-Euskadi taldekoak esprint estuan irabazi zion Rui Oliveirari, 132 kilometrotako etapari amaiera emateko. Isasak 3 ordu, minutu bat eta 23 segundoko denbora egin zuen.
Euskaltel-Euskadi taldeak azaldu duenez, Isasa eguneko ihesaldiko protagonista izan zen lehen kilometroetatik, eta aurrean eutsi zuen lasterketa etengabe hautsi zen arren. Azken kilometroetara Rui Oliveirarekin batera iritsi zen buruan, bigarren taldea geroz eta gertuago zuela. Azken kilometroan ia harrapatzear egon zen, eta Oliveirak esprinta jo zuen helmugarako 300 metro geratzen zirenean. Baina Xabier tinko mantendu zen, eta gurpilari eutsita gainditzea lortu zuen. “Garaipen handia. Eta berezia: profesionaletan lehena”.
Atzokoa Portugaleko itzuliaren seigarren etapa zen, eta Santa Maria de Feira eta Peso de Regua artean lehiatu zen. Urretxuko 24 urteko gaztearen atzetik, Oliveira sailkatu zen, eta Francisco Campos hirugarrena izan zen.
