51 urte beteko dira erregimen frankistak Txiki eta Otaegi militante independentistak hil zituenetik eta 50 ekitalditik gora antolatu ditu herri eta eskualdeetan
Maialen Kortabarria eta Xabi Iraola, irailak 27ko kartelarekin. Argazkia: Naiz. Francoren erregimenak Txiki eta Otaegi hil zituenetik 51 urtera, heldu den irailaren 27an, Sortuk ekitaldiak egingo ditu Euskal Herriko 50 herri baino gehiagotako plazetan, Loturak askatzera! leloarekin. Askapen prozesua une erabakigarri batean dagoela eta 78ko erregimenean lotuta gelditu ziren korapiloak askatzeko aukerak badaudela uste du indar independentistak. Ekitaldi horietako bat Urretxu-Zumarragan izango da.
«Euskal Herrian potentzial politiko izugarria daukan fase politikoa zabaltzea lortu dugu. Eta orain askapen prozesuan egoera berrietan murgiltzeko baldintzak ereitea dagokigu», adierazi dute Xabi Iraola Sortuko koordinatzaile orokorrak eta Maialen Kortabarria zuzendaritzako kideak.
Komunitatea batzeko eguna
«Irailaren 27a Txiki eta Otaegi oroitzeko eguna da nazio askapen mugimenduarentzat. Baina, memoriarako eguna izateaz gain, askapen borrokan berresteko, eta etorkizunera begiratzeko eguna ere bada», azpimarratu dute. Esan dutenez, harrotasunez bizi dute egun hau eta, «arian-arian, nazio askapen mugimenduaren egun» bilakatzen ari da urtero oroimenez eta aldarrikapenez.
Txiki eta Otaegiren fusilamenduen urteurrena hainbat kide eta belaunaldi elkartzen dituen eguna da Sorturentzat. «Euskal Herriaren alde borrokan ari zen, ari den eta haren askatasuna lortu arte borrokan ariko den komunitatea izateak batzen gaitu irailaren 27an. Nazio askapen mugimendua zerbait bada borroka komunitate bat delako», berretsi dute.
Urtero Sortuk artista bati egiten dio irailaren 27a irudikatzeko eskaria. Iaz, fusilamenduen 50. urteurrenean, Sahatsa Jauregi eskultoreak egin zuen kartela eta Iruñeko Anaitasunako ekitaldian agertu zen obra. Aitzineko urteetan, Taxio Ardanaz, Nora Aurrekoetxea eta Laura Ruiz, Kepa Akixo Zigor, Malen Amenabar eta Oier Zuñiga artisten eskuetan izan da eskaria. Aurten, Mikel Erkiaga bilbotarrak egin du kartela. Zatikatutako memoriaren teknika oinarri hartu, eta argazki, paisaia eta elementu sinbolikoak uztartuz osatu du.
Ekitaldiak egingo diren 50 herrien artean daude, besteak beste, Bilbo, Donostia, Gasteiz, Iruñea, Hendaia, Agurain, Algorta, Amurrio, Areatza, Arrigorriaga, Azpeitia, Bakio, Barakaldo, Basauri, Baztan, Bera, Berango, Bergara, Bermeo, Busturia, Durango, Eibar, Enkarterri, Getaria, Gernika-Lumo, Hernani, Itzubaltzeta, Larrabetzu, Lekeitio, Leioa, Leitza, Lezo, Lizarra, Markina-Xemein, Mutriku, Oiartzun, Ondarroa, Orereta, Otxandio, Portugalete, Etxarri Aranatz, Santurtzi, Sestao, Sopela, Tafalla, Tolosa, Ugao, Urretxu-Zumarraga, Usurbil, Zarautz eta Zornotza. Eguerdi aldera izango dira ekitaldi gehienak.
