Gori Gori taldea. Urretxu-Zumarragako Kalegorrian kultur elkarteak egitarau berri bat dakar udazkenerako: musika ziklo bat. Hemendik eta urtea bukatu arte, kontzertu bat izango da hilero, azken igandean, 12:00etan. Eguraldi atsegina izanez gero, kanpoan; bestela, barruko epelean. Kontzertu “txikiak, goxoak, jostariak eta iradokitzaileak” izango dira, eta euskal musika garaikidearen proposamenik interesgarrienetako batzuk bilduko dituzte.
Irailaren 28an, esperimentaziorako eta inprobisaziorako joera duten bi bakarlari ariko dira: Mikel Vega eta Peru Galbete. Urriaren 25ean, Les Cuisinières jazz taldea. Azaroaren 29an, Xabier Badiola kantugile eta gitarrista, eta Saguxar musikari eta ekoizlea. Eta abenduaren 27an, Gori Gori musika eta performance proiektua.
Lehen bi kontzertuak Zumarragan izango dira: kale giroa eginez gero, Zelai Arizti parkean; eta barru giroa baldin badago, Zelai Arizti aretoan, musikariak eta entzuleak eszenatoki gainean direla. Hurrengo biak, berriz, Urretxun: kalean bada, Aizpurunea kultur etxeko lorategian; eta barruan, udaletxeko atarian.
Mikel Vega + Peru Galbete
Mikel Vegaren eta Peru Galbeteren saioak esperimentazio kutsua izango du. Vegak Bilbo aldeko eszena esperimentalean egin du bere bidea, bai noise rock proiektu bortitzetan (Killerkume, Conteiner…), bai bakarkako free jazz lanetan, gitarra hartuta instrumentu nagusitzat. Iazkoa du bakarkako diskorik berriena: Tresneria. Galbeteren estiloa lirikoagoa da, eta ahotsetik abiatzen da. Diziplina askotako makina bat proiektutan kolaboratu izan du: musikan, arte eszenikoetan eta zineman, besteak beste. Bere diskorik berriena Beiratu da (2022), eta dagoeneko lan berri bat prestatzen ari da.
Les Cuisinières
Talde berezia da Les Cuisinières. Hiru belaunalditako kideek osatzen dute. Pandemiaren garaian bildu ziren, bidegurutze batean elkar hartzen duten estiloak praktikan jartzeko: jazz tradizionala, zydecoa, Bayou rhythm and bluesa eta Mardi Graseko abestiak. Haien musikak New Orleansera garamatza. Ekainean, Auzomira zikloan, Ion Celestino tronpetista izan genuen Broken Brothers Brass Band taldearekin kaleak alaitzen. Oraingoan, Felix Elizalde (tronboia), Juana Etxauri (akordeoia), Xabier Celestino (banjoa), Xanti Etxeberria (sousafoia) eta Ezekiel Celestino (washboarda) izango ditu lagun. Stomp Fever Stomp hamar hazbeteko biniloa argitaratu dute aurten.
Xabier Badiola + Saguxar
Molde desberdinetako bi musikari elkartuko dira azaroan. Xabier Badiola gitarrista fina da, kantugile sentibera, letragile lirikoa. Denboraz kanpoko folk ederra lantzen du. Entzule ugari liluratu zituen 2023an ahots eta gitarra hutsez grabatutako lehenengo diskoarekin, eta oraindik eta indar handiagoz iritsi da Leiho ondoan xori bat bigarren lana, udaberrian kaleratua. Saguxar Ane Segurolaren izen artistikoa da. Animalia gautar bat, eguerdi argitan. Izan ere, ez dago une txarrik bere dream-pop eta ambient doinuetan murgiltzeko. Bere eskuz ondu, grabatu eta plazaratu zuen Sei mila urte estreinako diskoa (2024), eta urtea bukatu baino lehen kaleratuko du bigarrena, Humo Internacional zigiluarekin.
Gori Gori
Musika proiektu bat da Gori Gori, performancearekin igurtzian hazi dena. Ainara Gurrutxagak (Dejabu antzerki konpainia), Ander Fernandezek (Nigara Zuek, Muskulo) eta Manu Gaignek (musika garaikideko hamaika proiektutan parte hartu duen perkusionistak) osatzen dute. Hiru kanta grabatu zituzten 2023an, baina, gaur-gaurkoz, kontzertuak dira proiektuaren funtsa. Garrantzia ematen diote eszenaratzeari; izan ere, haien zuzenekoetan, entzuleak harrapatzeko moduko erritu elektroniko eta psikodeliko bat sortzen dute. Haien kontzertuarekin bukatuko da zikloa, batzuk dantzan, besteak trantzean, denok giro alaian.
Ekaineko Auzomira zikloarekin izandako esperientzia ederraren ondoren, Keixpe zikloaren bigarren aldia antolatu du orain Kalegorrianek (2023ko udazkenean egin zen lehenengoz, antzeko formatuan). Eta, aurrerantzean, urteko eskaintza hori finkatzea da elkartearen asmoa: asteburu bateko jaialdi askotarikoa udaberrian, eta kontzertu zikloa udazkenean.
