Hilaren 25ean Urretxun Bizi Gara harrera eskolaren edizio berri bat hasiko da. Urretxun berriak diren pertsonei zuzenduriko formakuntza eta topaketa espazioa da, harrera egiteko bidea. Horren bitartez, herrian eta bere inguruan eskuragarri dauden funtsezko baliabide ezberdinak ezagutzeko aukera izango dute: osasun, gizarte eta hezkuntza zerbitzuak, euskara, kultura, atzerritartasun tramiteak, birziklapena, etxebizitza, lan bilaketa…
Ezagutza guzti horiek eskualdeko teknikari eta agenteekin elkarlanean eskaintzen dira. Horrez gain, ikastaro amaierara iristean, parte hartzaileek Urretxu-Zumarragako elkarte ezberdinekin praktikaldia egiteko aukera izango dute.
Urretxun Bizi Gara ekimenaren 13. edizio honetako saioak ostiraletan izango dira, 09:30etik 12:00etara, Urretxuko kultur etxean. Irailaren 25ean hasi eta azaroaren 27ra bitartean, guztiz doan izango diren eskola orduak jasoko dituzte ikasleek. Hitzaldiak, txangoak, bisita gidatuak… eskainiko dizkiete.
Urretxun Bizi Gara harrera eskola Urretxuko Aniztasun eta Bizikidetza Udal Planaren barruan kokatzen da, herria osatzen duten kulturen arteko aberastasuna bultzatzeko eta topaketarako gune bat eraikitzeko helburuarekin. Horrez gain, Aniztasun eta Bizikidetza Mahaiaren babesa ere badu. Mahaian nahi duten herritar guztiek parte har dezakete. Lan talde horren helburua gizarte inklusiboa eta bazterkeriarik gabekoa sortzea da.
Izen-ematea
Urretxun Bizi Gara harrera eskolan parte hartu ahal izateko izena eman behar da. Matrikula doakoa da eta Urretxuko Aniztasun eta Bizikidetza dinamizatzailearekin harremanetan jarriz egin daiteke. Bere telefono zenbakia 693 900 568 da eta posta elektroniko helbidea, berriz, aniztasuna@urretxu.eus).
