Gernika-Palestina herri ekimenak deituta, Gazako genozidioaren aurkako elkarretaratzea egin zuten atzo (osteguna) Areizaga-Kalebarren plazan. Horra hor amaieran irakurri zuten idatzia.
“Gaza eta Palestinako gainerako lurraldeetan bizi duten egoera jasanezina da. Munduaren egoera bera ere jasanezina da: genozidioak, gerrak, blokeoak, goseteak, desplazamenduak…
Nazioarteko legedia sistematikoki urratzen da. Israel eta AEB gelditzen ez baditugu, inpunitate osoz jardungo dute euren logika inperialista eta espantsionistaz. Honen aurrean, Gernikaren herritik, beste behin, herrien subiranotasunaren alde agertu nahi dugu, bakea eta justizia aldarrikatu nahi dugu.
Jarraian, gaurko mobilizazioei begira Palestinatik jasotako testigantza hunkigarri bati emango diogu irakurketa:
1.096 EGUN ETA GAU
1.096 eguneko infernua Gazan eta egun larri horietako bakoitza, bere 1.096 gau are itogarriagoekin.
Duela urtebete titularrek “bahituak entregatzea”, “su-etena” eta “Trumpen plana zerrendarako” aipatzen zituzten. Distantziarekin, esan dezakegu hura “su-eten tranpa” izan zela, Israelek gazatarren artean eragiten duen agonia titularretatik kentzeko bakarrik balio izan duena.
Estatu juduak genozidioa amaitu dela sinestarazi nahi dio munduari, baina Gazako herritarrek oso ondo dakite genozidioak aurrera jarraitzen duela.
Saldu diguten “bakeak” Palestinako biztanleria lehen zuen lurraldearen % 40an pilatuta mantentzen du. Beste % 60ak armada hebrearraren eskuetan jarraitzen du.
Saldu diguten “bakeak” pertsonak hondakinen azpian harrapatzen jarraitzen du, seguruak direla uste duten eraikinak hondatuta erortzen direlako azken urteotako bonbardaketen ondorioz. Eta eraikinak arriskutsuak izan arren, familia osoak etxean giltzapetuta jarraitzen dute, bonbardaketa horien beldur. Bai, dagoeneko egunkarietako azala ez bada ere, Israelek Gaza bonbardatzen jarraitzen duelako. “Selektiboak” ez diren hilketak, gazatarren etxeen atarian.
“Ez dugu inora irten nahi”, esaten diote seme-alabek Husami. Eta horrek bihotza apurtzen dio, itsasoa etxetik gertu dutelako. Deskonektatzeko, lasaitasun pixka bat sentitzeko… leku bakarra da. Baina orain, itsasora paseatzera irteteak izututa uzten du familia.
Saldu diguten “bakea” heriotza gehiago da, arratoiak eta baita Israelgo armadaren hegazkinek jaurtitzen dituzten bonba kirats indartsuak ere. “Bake” horrek haur gazatarrak gosearen beldurra barneraino sartuta edukitzen ditu. Hainbeste, ezen janari plater bat jasotzen dutenean, ez baitute jaten. Beren kanpadendetara eraman, gorde eta itzultzen dira galdetzera: “Bihar ere izango al da jatekorik?”.
Hori da saldu diguten “bakea”, baina ezin du isildu gaur kale kantoietan PALESTINAKO GENOZIDIO JASANEZINAREN URTE LUZEENGATIK errepikatzen dugun salaketa.
Gerrarik ez! Genozidiorik ez! Palestina Askatu!”.

