Urretxuko osoko bilkuran kreditu aldaketa baten berri eman zen. Aldaketa uztailaren 24ko alkatetzaren ebazpen bidez onartu zen, 268.865,70 eurokoa da eta 2025eko diruzaintzako gerakinaren kargura finantzatuko da. Helburua nahikoa kreditu ez zuten partidak indartzea eta ekitaldian zehar sortutako beharrei erantzuteko partida berriak sortzea da.
Gabonetako argiteriara bideratutako aurrekontua bikoiztu egingo da, adibidez. 50.000 euro gehiago txertatu dira Bi-Tartean merkatarien elkartearekin hitzarmen bidez kudeatutako Gabonetako argiztapen eta dekoraziorako. Gehikuntza horrekin, Gabonetako argietarako aurrekontua 40.000 eurotik 90.000 eurora igo da, merkataritza suspertzen laguntzeko eta herriko merkataritza txikiari babesa emateko.
Horretaz gain, 17.000 euro bideratuko dira hiri ekonomiari lotutako app-era, 7.000 euro Udaltzaingoaren software berrira eta 10.000 euro desfibriladoreetara. Beste hainbat alor ere indartuko dituzte: ikastetxeekin lankidetza euskararen arloan, Euskaltegiari egindako ekarpena, kultur jarduerak, landa bideak, lorezaintza eta ingurumen proiektuak, inbertsioak, arkitekto zerbitzua eta igerilekuen mantentzea eta bertako ur tratamendua. Era berean, Urola Garaiko Mankomunitateari egindako ekarpena 42.187,82 eurotan handitu da. Aldaketaren ondoren, 2026ko udal aurrekontua 19.279.634,03 eurokoa da. Udalak 3,5 milioi euro inguruko diruzaintzako gerakina du.
