Zumarragako EH Bilduk gobernu taldeak onartutako zergen igoera "urriak" udalaren ahalmen ekonomikoa eta gaitasunak ahultzen dituela dio
Zumarragako gobernu taldeak (PSE-EE eta EAJ) zerga, tasa eta prezio publikoak %1,9 igotzea onartu du. EH Bilduk %2,9ko igoera proposatu du eta sistema progresiboagoa defendatu du. EH Bilduk ohar bat bidali du, bere proposamenaren berri zehatza emateko.
“Aurreko urteetan egin dugun bidea jarraituz udala indartu, etxebizitza larrialdiari erantzun eta justizia fiskala bultzatzeko proposamenak egin ditugu. Datozen belaunaldiei erantzun eta etorkizun berri bat eraikitzeko udal indartsu bat izan dezagun, azken finean.
Geroz eta behar sozial handiagoak dauden garaiotan eta kalitatezko zerbitzu publikoak bermatzeko, egiturazko diru sarrera sendoak behar ditu Zumarragako Udalak. Gure egitura sozioekonomikoa dela eta, baliabide propioak lortzeko mugak dauzkagu, eta udal gobernu taldeak proposaturiko %1,9ko
igoera urriak udalaren ahalmen ekonomikoa eta gaitasunak ahultzen ditu.
EAEko KPIa %4,5 igo da eta langile publikoen soldata-igoera ere % 4,5 izango da 2027an, beraz, azterketa zorrotza eta serioa eginda, EH Bildutik %2,9ko igoera orekatua defendatu dugu. Udal
gobernu taldearen proposamena aldiz elektoralista da, izan ere, orain lau urte gauza bera egin zuen: hausteskundeak gertu zeudenean zergak izoztu eta hauteskunde ostean KPIaren gainetik igo
herritarrak zigortuz. Arduraz eta seriotasunez arituko den udal gobernua behar dugu; alabaina gaur egungo udal gobernua, aurten ere, hauteskundeei begira dago eta ez belaunaldi berrien behar
sozialei.
EH Bilduk proposamen hauek egin zituen:
● Etxebizitza hutsak mobilizatzeko neurriak: Etxebizitza larrialdiari erantzun, etxe hutsen funtzio soziala bermatu eta etxebizitza hutsen diagnostiko zehatza egina dagoenez,
etxebizitza hutsak alokairuan jartzea sustatzeko neurriak proposatu genituen.
● Errentaren araberako hobari progresiboak: Hobari guztiak kide kopuruaren ordez Familia Errenta Estandarizatuaren bidez erregulatzea, gehiago duenak gehiago ordain dezan.
● Guraso bakarrei eta indarkeria jasandakoei hobariak: Arau Foralak ahalbidetzen duen moduan, IBIaren hobariak guraso bakarreko familiei eta genero indarkeriaren zein etxeko
indarkeriaren biktimei ere zabaltzea.
● Hondakin gutxiago sortzen duenak gutxiago ordaintzea: Sortzearen araberako tasa ekitatiboa indarrean jartzea, legeak horrela gomendatzen baitu, erroldatutako biztanle
kopurua eta errenta kontuan hartuta, eta autokonpostajea egiten dutenei %15eko hobaria ematea.
● Legez ezartzen den genero ikuspegia betetzea : Genero Eraginaren Aurretiazko Txostena egitea eta datuak sexuaren arabera bereizita biltzea, hiru urteko eskaeraren ondoren oraindik
egin gabe jarraitzen baitu legeak horrela eskatu arren. Udala datuak bereizteaz salbuetsia legoke hau justifikatuko lukeen txostena balego. Baina ez dugu ez bata eta ez bestea.
Bada larria den kontu bat, bestalde, IBIaren hobarien kudeaketari lotua. Arau Foral berriak IBIaren hobariak errentaren arabera egokitzera behartzen du. Guk, gure proposamenean eta batzordean gai honen inguruan ohartarazi ez bagenu, familia ugariek hobaria galduko lukete. Gure abisuaren ondoren sartu zuten azken orduan aldaketa, presaka, baina ikuspegi oso murriztailearekin. Horren ondorioz, guraso bakarreko familiak nahiz genero indarkeriaren biktimak izan diren familia buruen familiak kanpoan utzi dituzte arau foral berriak ahalbidetu arren.
EH Bilduk berriz ere agertu du negoziatzeko eta akordio batera iristeko prestutasuna; eta aurrerapausuak egon izan balira, orain bi urte bezala, baiezkoa emango genuen, baina ireki nahi izan
ditugun ateak parez pare itxi dituzte PSEk eta EAJk. Ez dute negoziatu nahi izan eta borondaterik ez dagoenean ezinezkoa da akordio batera iristea.
Azkenik, EH Bildutik azpimarratzen dugu arduraz eta seriotasunez lanean jarraituko dugula, etorkizunari eta belaunaldi berrien behar sozialei erantzuteko zerbitzu publiko indartsuak behar
ditugulako. Beti ere, gehien duenak ekarpen handiagoa eginez eta gutxien duenak txikiagoa. Bide honetan, elkarlanaren bidez urratsak ematen jarraitzeko eskatzen segituko dugu, baina etorkizunari eta belaunaldi berrien beharrei begira; ez unean uneko etekinari”.
