Iñaki Beruete, Aitor Carrasco, Endika Caño eta Beñat del Rioren Gaüze taldeak zortzi abestiko diskoa argitaratu du. Talde horrek 1990eko hamarkadako rocka jotzen du. Diskoa plataforma guztietan entzun daitezke, Spotify-n ezik.
Gaüzek hainbat kontzertu egin ditu dagoeneko, diskoa aurkezteko. Lehen kontzertua Urretxuko Santa Anastasia jaietan egin zuten, txosnetan. Joan zen ostiralean Zestoan jo zuten eta larunbatean, berriz, Gasteizko Errekaleor auzoan. Abenduaren 11n Gasteizera itzuliko dira, Kitsch tabernan jotzera.
Gaüze taldea 2024 urte bukaeran sortu zen, Beruete eta Carrascoren eskutik. «Iñaki eta biok lokalera joaten ginen asteburuetan. Hasieran duo formatuan jo genuen, baina abestiak beste ildo batetik joan zitezkeela ikusi genuen. Gainera, gitarrarekin eta bateriarekin bakarrik jotzea ez da erraza. Miresmena zor diegu talde horiei», azaldu du Carrascok.
Hala, Caño batu zitzaien. «Gasteiztarra da, baina bere bikotekidea zumarragarra da. Gurekin jotzea proposatu genion. Taldera etortzen azkena Beñat izan zen. Gazteena da». Cañok gitarra jotzen du eta Del Riok baxua. Abestien sorrera berezia izan da, Caño Amerikako Estatu Batuetara joan baitzen. «Bera han zegoela eta gu hemen geundela sortu genituen abestiak. Teknologia baliatu genuen horretarako. Itzuli zenean, diskoa grabatu genuen», esan du Carrascok.
1990eko rocka
Gaüze taldeak 1990eko hamarkadako rocka jotzen du. «Denetik entzuten dugu eta estilo hau ere betidanik dugu gustuko. Oso gustura gaude», dio Beruetek. Carrascok mundu anglosaxoian hamarkada hartako rocka egiten duten talde asko daudela gehitu du. «Basement, Superheaven, Violent Soho eta Turnstile bezalako taldeak erreferentzia dira guretzat. Azken talde horrek Palestina, Sudan eta Libanoren aldeko kontzertua egin zuen Washingtonen (AEB), 60.000 pertsonen aurrean».
1990eko hamarkadako Nirvana, Fugazi, Dut eta Negu Gorriak taldeen eragina ere badute. «1990eko hamarkadako taldeen eta haien ondorengoen eragina dugu. Diskoak zortzi abesti ditu, guztiak euskaraz. Abestietan gure kezkei buruz hitz egiten dugu. Batzuk esplizituak dira eta beste batzuk ez horrenbeste. Gai politiko eta sozialak ere landu ditugu, rockak aldarrikapen puntu bat izan behar baitu eta garai honetan ezinbestekoa baita, gainera», aipatu dute.
Abestiak plataforma guztietan entzun daitezke, Spotify-n ezik. «Duela urtebete edo, euskal artistek Musikariak Palestinarekin mugimendua jarri zuten martxan, Palestinarekin elkartasuna adierazteko eta Spotify plataformari boikota egiteko. Izan ere, Spotify-ko buruak armagintzan eta adimen artifizial militarrean inbertsioak egiten ditu eta Palestinako genozidioarekin eta AEBko deportazioekin lotura du. Badakigu jende askori ez zaiola inporta gure musika, baina elkartuz eta gauza txikiak eginez, gauzak alda daitezke. Spotify ez da aplikazio huts bat, horren atzean zerbait gehiago dago, eta horren inguruko hausnarketa sustatu behar da. Alternatiba asko daude hortik kanpo», dio Carrascok.

Argazkia: Jokin Fernandez.
