Txu-txu trena bi herrietako kaleetan ibiliko da eta Ainhoa&Jon bikoteak kontzertua egingo du, Bi-Tarteanen eskutik
Merkatari elkarteak Gabonetako kanpaina aurkeztu du
Urretxu eta Zumarragako Bi-Tartean merkatarien, ostalarien eta zerbitzuen elkarteak Gabonetako kanpaina aurkeztu du, Herrian erostearen magia. Bi- Tartean: Gabonetan ere, zurekin bizi den merkataritza lemapean. Areizaga-Kalebarreneko Olentzero eta Mari Domingiren gunea eta kaleak inoiz baino hobeto apaindu eta argiztatu dituzte, erakusleiho lehiaketa martxan jarri dute eta bezeroen artean erosketak bonuak eta opariak banatuko dituzte. Herritarrei Gabonetako erosketak herrian egiteko eskatu diete. Horretaz gain, gaur arratsaldean bi ekitaldi izango dira: 16:00etatik 19:00etara txu-txu trena Urretxu eta Zumarragako kaleetan zehar ibiliko da eta 20:15ean Ainhoa & Jon bikote musikalak Gabonetako errepertorioa eskainiko du Areizaga-Kalebarren.
Kanpainaren helburua herritarren arreta erakartzea da, Gabonetako giroa kaleetara eramanez, tokiko merkataritzari ikusgarritasuna emanez eta herritarrak Urretxu eta Zumarragako establezimenduetara gerturatzera animatuz. Horretarako, kaleen girotzea, merkataritza eskaintzaren sustapena eta herritarren parte hartzea uztartzen dituen egitaraua prestatu ditu elkarteak.
Udalekin eta Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean aurtengo proposamenaren berritasun eta apustu nagusietako bat Gabonetako argiteria indartzea da. Urretxu eta Zumarragako kaleek argiztapen berezia izango dute, ohiko apaingarriei elementu berriak gehituz. Lurrean argiz osatutako irudiak jarriko dira kaleetan zehar.
Argiteria kaleak edertzeko ez ezik, herriguneak biziberritzeko eta merkataritza eremuak erakargarriago egiteko baliabide gisa planteatu da. Kaleetan ibiltzeko, egoteko eta herriko establezimenduak bisitatzeko gonbita egin nahi zaie herritarrei.
Argiteriarekin batera, establezimenduetako erakusleihoak ere gabon giroz apainduko dira, irudi bateratua eta jai giroa indartzeko.
Olentzero eta Mari Domingiren gune berezia ere berritu da, dekorazio eta argiztapen berriarekin, herritarren topagune eta tokiko merkataritzaren aldeko espazio erakargarri bihurtzeko.
Bestalde, iaz bezala, Galtzagorri pertsonaia izango da aurtengo kanpainaren lagun. Olentzero eta Mari Domingiri opariak erosten laguntzen dien Galtzagorrik argi du nahiago duela herrian erosi. Pertsonaiaren panpina Urretxu eta Zumarragako establezimenduetan zehar ibiliko da, eta merkatariei beren produktuak, zerbitzuak edo Gabonetako proposamenak erakusten dituzten bideo laburrak sortzeko gonbita luzatu zaie. Helburua da tokiko merkataritza modu hurbil eta erakargarrian erakustea, herritarrak ere Galtzagorri bihurtzera animatuz.Horretaz gain, salmentak sustatzeko eta bezeroen fidelizazioa indartzeko, aurten ere Olentzero eta Mari Domingiren zakua ekimena jarriko da martxan. Kanpainak irauten duen bitartean, parte hartzen duten establezimenduetan egindako erosketen truke sari zuzenak izango dituzten boletoak banatuko dira. Bi sari mota egongo dira: erosketa baleak hurrengo erosketetan erabiltzeko eta parte hartzen duten merkatariek eskainitako opariak, establezimenduen arteko bezero zirkulazioa eta lankidetza sustatzeko.
Bi-Tartean Elkarteak herritar guztiak gonbidatu nahi ditu aurtengo kanpainarekin bat egitera: kaleez eta Gabonetako giroaz gozatzera eta herriko establezimenduek Gabonetarako prestatu dituzten proposamen bereziak ezagutzera.

