- Zuzendaria: Damien Chazelle.
- Gidoilaria: Damien Chazelle.
- Antzezleak: Miles Teller, J.K. Simmons, Melissa Benoist, Paul Reiser, Austin Stowell.
- Musika: Justin Hurwitz.
- Herrialdea: AEB
- Iraupena: 105 min.
- Urtea: 2014
Anbizio handiko jazz bateria-jotzaile gazte batek Estatu Batuetako musika kontserbatorio entzutetsuenean ikasteko aukera lortzen du. Terence Fletcher irakaslearekin ikastea ez da erraza ordea, zorroztasun militarrez zuzentzen du bere orkestra, ikasleak muinetaraino estutuz. Andrewren onena izateko nahia noraino heltzen den ikusteko azken muturrera bultzatuko du irakasleak eta Andrewren pasioa obsesio bihurtuko da.
Whiplash, batipat, zinemaren musikalitateari buruzko azterketa bat da. Era horretan, zinemaren barnera doan bidai txundigarria bilakatzen da. 100 minutuz gure belarriak jazz geldiezinaren indarkeria eta edertasunaz betetzen dira. Baita esaldi mingarrienez eta zarata zoragarrienaz ere, nahasketa ezinezkoa iruditu arren filmak barne logika zehatza mantentzen duen bitartean. Zuzendariak esku ona du filma aurrera eramateko eta gai da hainbat eragin eta inspirazio narrazioan egoki erabiltzeko, adibidez Woody Allenen tonu argia eta Dario Argentoren
giallo zoroen estetika nahasten dira arazorik gabe. Filmean ikusten ditugun musikariak perfekzioa bilatzen duten makinak bihurtzen dira, sakrifizioei jaramonik egin gabe. Euren buruan “Charlie Parker berria bihurtzearren zer egiteko gai zara?” entzungo balute bezala. Filma ikuslea konorte gabe uzten duen perkusio geldiezin bihurtzen da eta defentsak baxuenean dituen unean klimax ikaragarri batekin astintzen du…
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide