Bada beste ezaugarri bat, ordea, niretzat gero eta garrantzitsuagoa dena pertsonez iritzia izateko orduan: lanen bat borondatez egiten dutenek osatzen dute multzo bat, eta trukean dirurik ez badago ezer egiten ez dutenek bestea. Azken hauek azkartzat daukate beren burua eta onura propioa bilatzen ez duen oro gizajotzat hartzen dute. Beren lan orduak sartu eta gero, telebista irenstea, gimnasioan matxakatzea edo elkartean afari ederra dastatzea izango dute zeregin, eguna joan eta eguna etorri. Ahaztu dadila gizartea beraiez.. Udaletxekoek, maisuek, entrenatzaileek… egin dezatela, “horretarako jarri baikenituen" esaten entzungo diezu. "Ezin dut", edo "beste konpromisu bat daukat" erantzunak ere askotan entzungo diezu. "Hori ez da nire lana" lasai botako dizutenak ere ez dira gutxi. Eskatu iezaiezu horiei bonoak saltzeko, edo igande goiz batean ume talde bat mendira eramateko…
Besteei, eskerrak eman nahi dizkiet. Horiek ere ikusten dute telebista eta joaten dira gimnasiora edo elkartera, baina ateratzen dute denbora umeei dantzan irakasteko, pilota txapelketak antolatzeko, Iñaki Beitiaren martxa prestatzeko, bertso eskola eramateko… Eskerrak herrigintzan ari diren eta hain beharrezkoak ditugun "gizajo" horiei.