Urretxu eta
 Zumarragako Euskara 
Hitzaurrea
Sarrera
Metodologia

 

 Atalak
Fonetika-Fonologia
Azentua
Izenaren Morfologia
Aditzaren Morfologia
Sintaxia
Lexikoa

 

 Dokumentuak
Elkarrizketak
Argazkiak
Bibliografia

 

 Metodologia

 

"...Erleak ere aldiko kixitxo batekin biurtzen dira erlategira;
baiña ibillian-ibillian ezti-mordoak egiten dituzte.
Izan gaitezen gu ere erleak bezala".

 

Aita Kandido Izagirre. 1961


 

Metodologiari buruz hitz egin aurretik lan honen zergatia azaldu nahi nuke. Hizkuntzari buruzko hausnarketetan jardun duen edo diharduen orok daki herriotan euskarak izan duen, eta egun bizi duen egoera nolakoa den. Ezin esan genezake XX. mendea, bere osotasunean, onuragarria izan denik. Lizardi ere ohartu zen herri hauetako hizkuntzaren egoeraz 1928an egin zuen bisitaldian, kale hizkera erabat erdaldunduta baitzegoen ordurako[1]. Honela, 1858an lanak hasi zituen, eta Jose M. Busca Isusiren ustez herriaren garapenerako erabakigarria izan zen Norteko trenak, Antxiñe Mendizabalek dioen bezala, industriak[2], eskolak, garaiko giro politikoak, eta ondoren inmigrazioak[3] ez zioten mesede handirik egin gune zehatzetan bizirik iraun duen euskarari. Antxiñe Mendizabalek bere lanean azken gai hau ere aztertzen du. Emandako datuen artean honako hau dio aztergai dugun inguruaz:

Egin klik handiago ikusteko

Garijotzen
Ipeñarrieta baserria
—© Jose Luis Ugarte
(1998)—

"... Urretxuk 1910. urtean 1235 biztanle zituen: horietatik %55a bertakoa zen; %28a Gipuzkoako beste herri batzuetatik etorria, inguruko nekazal herrietatik batik bat; %11a Araba eta Nafarroatik etorria batez ere; eta estatutik etorritako etorkinen kopurua %6ra ez zen iristen. 1935. urtean, berriz, herritarren kopurua 2210 biztanlera igo zen, eta estatutik etorritako etorkinen kopurua % 14ra.

 

Zumarragak 1920. urtean 2303 biztanle zituen: %60a bertakoa zen; %32a Gipuzkoako nekazal herri txikietatik etorria batez ere; % 4 a Euskal Herri osotik; eta %5a estatutik. 1 930. urtean 2492 biztanle zituen herriak: bertakoen portzentaia pixka bat jaitsi zen, eta gainerakoen kopurua ere pixka bat igo zen.

Aipatzekoa da gure herrietara iritsitako lehenengo etorkinak 1914. urte ingurukoak direla. Gaztelako Pampliega herrikoak, hain zuzen ere. Irun-Madrid trenbideak eragin zuen etorrera hura."

(Mendizabal, A. II Errepublika Urretxu eta Zumarragan. (41-42. orriak))

Halaber, ezin hobeto laburbiltzen du Jose M Busca Isusik herriotan gertatu zena, eta euskararekiko izan zuen eragina:

"... El pueblo crece como una erupción. La abundancia de gente extraña hace que Zumarraga sea uno de los pueblos primeros en que el euskera tenga que batirse en retirada."

 

(Busca Isusi, JM .Zumarraga. Caja de Ahorros Municipal De San Sebastian. 1970. 30. orria)

Bada herri hauen erdalduntze prozesua mugatzen laguntzen digun beste datu bat ere. Honako honetan Antonio Pradak, Zumarragako udal artxibategiko arduradunak, Aspectos de la Historia Eclesiástica de Zumarraga liburuan zera diosku las conferencias litúrgico morales deritzan atalean:

"... Tal y como lo hizo el 3 de diciembre de 1819 el Obispo Joaquín Javier de Uriz y Lasaga cuando, tras la Santa Visita que realizó, expuso su " vinculante" opinión sobre diversos puntos: (...) Sobre la explicación del evangelio, señalaba el Obispo que tenían que esforzarse los Párrocos por hacerlo comprender a la población, " que no se decline a que los sermones sean en castellano, según que se va introduciendo. Quedan entonces ayunos todos los pobres labradores y artesanos (...) y que sólo entienden el bascuence" (200. orria)

Ikus daitekeenez garai honetan arazoa gaztelania ez ezagutzeak sortzen zuen.

1960eko hamarkadaren bukaeran, ikastolen eta gau eskolen eraginez hasiko da euskararen pizkundea gure herriotan ere. Orduan hasitako lanak zenbait fruitu eman arren, lan asko dago egiteko, eta horren adierazgarri ditugu azken ikerketa soziolinguistikoak emandako emaitzak. Hona hemen kaleko hizkuntzaren erabilerari buruz SEI Soziolinguistika Elkarteak 2001. urtean egindako neurketaren emaitzak:

Egin klik handiago ikusteko

Laian
Ipeñarrieta baserria
—© Jose Luis Ugarte
(1998)—

" 2001eko neurketa honetan jasotakoaren arabera, Urretxu-Zumarragan euskararen kale erabilera % 22,7 da; alegia, kalean neurtu ditugun 100 elkarrizketatik 23 dira euskaraz eta gainerakoak gaztelaniaz (beste hizkuntzak ez ditugu kontuan hartu azterketa honetan).

Egindako neurketetan guztira 2318 hiztuni a dagozkien datuak jaso dira, herriko biztanleriaren % 14,2 b litzatekeena. Behatutako hiztun kopuru honek SEI Elkarteak neurketaren emaitzen fidagarritasuna bermatzeko ezarritako gutxienekoa gainditzen du eta hortaz, neurketa honetan lortutako erabilera datuek oinarri sendoa dute laginaren tamainari dagokionean. (Urretxu Zumarragako Euskararen Kale Erabileraren Neurketa. 9. orria)



Euskararen KALEKO ERABILERA (2001) Euskararen EZAGUTZA (1996)
%22,7 %45,1
Neurtutako hiztun kopurua Urretxu-Zumarragako hiztun kopurua (1996)
2.318 (herritarren % 14,2) 16.270

Azkenik, eta jada metodologiari helduz, lan hau egiteko oinarrizko tresna elkarrizketa izan da. Orokorrean banako elkarrizketak egin diren arren, tarteka bi pertsonekin aritu naiz, eta emaitza oso positiboa izan da. Biak elkarrekin ari direla, banako elkarrizketetan lortzen ez diren intonazio eta esamoldeak jaso ahal izan dira, besteak beste.

Zenbait kasutan elkarrizketa soiletatik jasotako informazioa ez da nahiko izaten (aditzaren morfologia edo izenaren morfologia jasotzerakoan batik bat), eta galdetegi zehatzak egin behar izan dira. Galdetegiak elkarrizketak baino astunagoak direnez, pertsona gazteagoak aukeratu ditugu lan horretarako, hirurogei urte ingurukoak.

Osterantzean elkarrizketatuek honako ezaugarri hauek betetzen dituzte:

  • 60 urtetik gorakoa izatea

  • Urretxu edo Zumarragakoa izatea (gurasoak ere bertakoak badira hobe) eta hala ez bada urteetan bertan bizi izatea.

  • Euskaraz alfabetatu gabea izatea.

  • Buruz argi egotea.

Grabaketak egiteko hasieran zintak erabili genituen, baina soinuaren kalitatea zela eta, mini disk formatua erabiltzea erabaki genuen ondorengo grabaketetan. Materiala jaso ondoren editatzeko Cool Edit Pro programa erabili dugu.



____________________

[1] Ikus Otamotz aldizkariak 2003ko irailean ateratako alea.

[2] "... Esteban Orbegozok, zarauztarra jatorriz, 1930. urtean eskatu zuen Zumarragan sukalde ekonomikak ekoizteko lantegia eraikitzeko baimena. Udalak utzi zion lur saila herritar langabeak hartuko zituen baldintzapean, langabezia gora egiten ari baitzen." // "... 1908 an Patricio Etxeberriak Gipuzkoako siderurgia gunerik garrantzitsuenetakoa izango denaren zutabeak jarriko ditu Legazpin..." II. Errepublika Urretxu eta Zumarragan. (39 - 45. orriak)

[3] Ikus aipamen hauekin batera zenbait elkarrizketatuk esandako kontuak.

a Hiztuna diogunean 2 urtetik gorako biztanleriaz ari gara; hots, hitz egiteko gaitasuna 2 urtetik gorakoek dutela kontsideratu dugu.

b Urretxu-Zumarragak (biak batera kontuan hartuta) 16.270 biztanle ditu 1996ko erroldako datuen arabera. Kontuan hartzekoa da, dena den, kale neurketa batean zenbait hiztun behin baino gehiago neur daitezkeela, edota neurtutako hiztunen bat herrikoa ez izatea gerta daitekeela.

 

Gora
 
 



Zintzo-Mintzo Euskaltzale Elkartea

Labeaga 12, behea.
20700 Urretxu (Gipuzkoa - Euskal Herria)
.
Telefonoa: (+34) 943036474