Otamotz

Goierriko Hitza Goiberri

Albisteak

Bizitza osoa ongintzan

Bizitza osoa ongintzan
azaroa 29
09:48 2019

Ascensio Uribesalgo eta Maria Elvira Saenz senar-emazteek urte asko daramatzate gizarte lanetan: Antioko baselizan,
Nagusilanen eta Donejakue Bidean. Saenz musika eskolako irakaslea izan zen, gainera.

Ascensio Uribesalgo zumarragarrak eta Maria Elvira Saenz donostiarrak ia 60 urte daramate ezkonduta. Herrian oso ezagunak dira, beraien jatortasunagatik eta gizartearen alde egiten duten lanagatik. Antioko Lagunen Elkartekoak eta Nagusilaneko boluntarioak dira eta Donejakue Bideko Beasaingo aterpean lan egiten dute.

Uribesalgok eta Saenzek duela 60 urte ezagutu zuten elkar, Club Vasco de Camping elkartearekin Europara egin zuten bidaia batean. «Urtero bidaia bat antolatzen zuten eta ni lagun batekin joan nintzen. 25 egunetan Europako sei herrialde zeharkatu genituen: Frantzia, Belgika, Holanda, Danimarka, Suedia eta Alemania», oroitzen du Saenzek. «Tere Artetxek bidaia haren berri eman zidan eta joatea erabaki nuen. Urretxutik Maritxu Ugalde joan zen».

Bidaiaren ondoren, elkarrekin ateratzen hasi ziren. «Bazkari bat antolatu zen Donostian, bidaian ateratako argazkiak trukatzeko. Zerrendan guztion telefono zenbakiak zeuden eta Ascensiok deitu egin zidan. Ez zekien jatetxea non zegoen eta bertara laguntzeko eskatu zidan. Nire bila etorri zen eta elkarrekin joan ginen. Bazkariaren ondoren, Donostia ezagutzeko gogoa zuela esan zidan. Handik bi urtera ezkondu ginen».

Saenzi kosta egin zitzaion Zumarragako bizimodura moldatzea. «Ez nuen Zumarraga ezagutzen eta gauza batzuk oso deigarriak iruditu zitzaizkidan. Adibidez, jendea nitaz horrenbeste kezkatzea. Saskigileen aldapan bizi ginen, Ascensioren gurasoak hirugarren solairuan eta gu laugarrenean. Behin emakume batek ea zergatik ez nuela arropa eskegitzen galdetu zidan. Ascensioren amaren etxean eskegitzen nuen, eraikinaren atzealdean! Bestalde, dotore janzten nintzenean, batzuk Zein dotore jarri den, kanpora joango da esaten zuten. Gauza horiek oso deigarriak iruditzen zitzaizkidan», azaldu du.

Pixkanaka, Zumarragako bizimodura ohitu zen. Lau seme-alaba izan zituzten. Koxkortu zirenean, musika eskolan lan egin zuen. «Guraso elkarteak boluntarioak eskatu zituen eta Ramon Esnaola, Maite Palacios eta hirurok hasi ginen. 13 urtez musika eskolako irakaslea izan nintzen».

 

Maria_Elvira_Saenz_eta_Asc-1

«Gurasoak Antion ezkondu ziren, 1927an:
garai hartan ez zen inor han ezkontzen»

Ascensio Uribesalgo (Nagusilaneko arduraduna)

«Guraso elkarteak boluntarioak eskatu
zituen eta aurkeztea erabaki nuen»

Maria Elvira Saenz (Musika eskolako irakasle ohia)

 

 

Antion askoz ere lehenago hasi ziren lanean. Izan ere, Uribesalgotarrek asko maite dute Zumarragako baseliza hori. «Nire gurasoak Antion ezkondu ziren, 1927an. Garai hartan ez zegoen Antion ezkontzeko ohiturarik eta lehenengoak izan ziren. Handik gutxira, nire izebek Antioko arropak garbitzeko ardura hartu zuten. Ni, berriz, administratzaile lanetan hasi nintzen soldadutza bukatu nuenean». Bere emazteak ere Antioko lanetan laguntzen du.

Donejakue Bideko aterpeetan ere lan egiten dute. 1991n Bidea egin zuten eta ondoren erromesei laguntzea erabaki zuten. 27 urte daramatzate lan horretan. Burgosko San Juan de Ortega herrian, Orreagan eta Errioxako Santo Domingo de la Calzadan lan egin zuten. Egun, Beasaingo aterpean lan egiten dute. «Erromesei ongi etorria egiten diegu eta aterpea garbitzen dugu. Hamar bat egun ematen ditugu bertan. 13:30 aldera joaten gara bertara. Erromesen bat badago lo egitera gelditzen gara, eta bestela lana bukatu ondoren etxera itzultzen gara».

Nagusilan

Horretaz guztiaz gain, Nagusilaneko boluntarioak dira. Uribesalgo Urretxuko eta Zumarragako taldeko arduraduna da, baina aurki lekukoa pasako du. «Juanito Garitano, Zumarragako alkatea izan zen, Nagusilani buruzko hitzaldi bat ematera etorri zen. Hitzaldi haren ondoren, izena ematea erabaki genuen», oroitzen du Saenzek.

Garai hartan Jose Antonio Mendizabal zen Urretxuko eta Zumarragako taldeko arduraduna. Berak utzi zuenean, Uribesalgok hartu zuen lekukoa. «Norbaitek hartu beharko du eta moldatuko gara, esan nion. Uztera goaz. Hiru lagunek hartuko dute lekukoa. Bazen garaia: Ascensiok 87 urte ditu dagoeneko», dio Saenzek.

Hemendik aurrera, denbora gehiago edukiko dute paseatzeko. «Lehen Belokira joatea gustatzen zitzaigun, eta egun bidegorrirra joaten gara». Urte askotan ikusi ditzagula bidegorrian, Antion, geriatrikoan eta Beasaingo aterpean!

Elkarbanatu

Egileari buruz

Otamotz

Otamotz

Harremana duten artikuluak

0 iruzkin

Oraindik erantzunik gabe!

Momentuz ez dago erantzunik, zurea gehitu nahi al duzu?

Idatzi iruzkin bat

Idatzi iruzkin bat

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.
Derrigorrezko eremuak markatuta daude *

9 + 4 =


Iruzkin berriak

Sebas Iturriotz: Bihotzekoa eman dio erdarakada ("Kalko okerra") da, bihotzekoak jo du edo bihotzekoak jota hil da [...]

Amaia Etxaniz: Ni Oskarbik kaleratu dituen 7 langileetako bat baiz. Pertsona guztiak bezala nire defektuak baditut, baiña [...]

Josu Aztiria Urtaran: Kaixo Eki: Zalantzan egon naiz erantzun edo ez, anonimoekin eztabaidatzea ez zidalako gustatzen eta Otamotz.eus-eko foro [...]

Ortzi: Ez kezkatu Igor, oposizioko liberatuak argituko dizkigu zalantza guztiak [...]