Otamotz

Goierriko Hitza Goiberri

Albisteak

Boleibolaren itzulera Urretxu eta Zumarragara

Boleibolaren itzulera Urretxu eta Zumarragara
uztaila 24
09:45 2019

Goierri kirol elkarteak boleibol taldea izango du datorren denboraldian. Askok ez du-te boleibol talderik ezagutu Urretxun eta Zumarragan, baina ez, Goierri kirol elkartearena ez da historiako lehen taldea izango. Joxe Mari Iparragirre institutuak nesken eta mutilen taldeak izan zituen. Rosa Valverdek, talde berriaren entrenatzaileak, institutuaren talde haietako batean jokatu zuen 1970eko hamarkadaren erdialdean.

Valverdek institutuak emakumezkoen eta gizonezkoen hainbat boleibol talde izan zituela oroitzen du. «Mila Madariaga soinketa irakasleari esker jokatu genuen boleibolean. Ni 13-14 urterekin hasi nintzen eta unibertsitatean jarraitu nuen. Institutuarekin Espainiako txapelketa jokatu genuen».

Boleibola asko gustatzen zaio. «Taldeko kirola da eta estrategiak garrantzi handia du. Indarra, iraupena eta abiadura ere garrantzitsua dira. Nire seme-alabei kirol honekiko zaletasuna transmititu diet. Oporretan, boleibol zelaia gertu zuten hotelak bilatzen nituen».

Kirol hori horren gustuko izanik, pena handia ematen zion Urretxun eta Zumarragan talderik ez egoteak. «Azken hamarkadetan inork ez du kirol hau bultzatu inguru honetan. Hori dela eta, oso minoritarioa da».

Alabaren entrenatzailea

Oso pozik jarri zen Urretxun eta Zumarragan boleibol taldea sortu behar zela jakin zuenean. Jokalarien artean bere alaba dago: Ana Comontes. Entrenatzailea behar zuten eta, azkenean, Valverdek entrenatuko ditu. «Entrenatzaile bila ari ziren eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientziak ikasi dutenengana jotzea aholkatu nien. Baina boleibolean jokatu duen norbait nahi zuten eta, egia esan, hori garrantzitsua da. Inor aurkitzen ez zutenez, baiezkoa eman nien», azaldu du.

Ez da hartutako erabakiaz damutu. Ezta gutxiago ere. «Oso ondo ari naiz pasatzen. 20tik 18k ez dute sekula boleibolean jokatu, baina oso kirol erakargarria iruditzen zaie eta sekulako borondatea eta ilusioa dituzte. Hori oso garrantzitsua da. Beharrezkoa denean errieta egiten diet, baina ez dute etsitzen. Astean hiru egunetan entrenatzen dugu».

Esfortzu handia ari dira egiten. «Nik Gasteizen lan egiten dut eta handik itzultzen naizenean kiroldegira etortzen naiz. Irailetik aurrera asteartetan eta ostegunetan entrenatuko dugu, 20:00etan. Taldeko neska batzuk Leioako campusean ikasten dute, baina entrenamenduetara etorriko dira. Horrek balio handia du, oso jende gutxik ezagutzen duen kirol batez eta emakumeen kirolaz ari baikara. Beraien jarrera txalotzekoa da».

Urretxu eta Zumarragako udalei ere eskerrak eman nahi dizkie. «Asko inplikatu dira. Egitasmo honek arrakasta izango duela uste dut. Eta udalek ere horren aldeko apustua egin dute».

Gipuzkoako ligan jokatuko dute. Lehen partida urrian izango da. Neskek asko ikasiko dutela uste du. «Hasi berrientzat oso garrantzitsua da liga batean jokatzea, beste taldeengandik ikasteko aukera ematen baitu. Estrategia mailan, adibidez, asko ikasi behar dugu».

IMG-20190720-WA0010

Egileari buruz

Otamotz

Otamotz

Harremana duten artikuluak

0 iruzkin

Oraindik erantzunik gabe!

Momentuz ez dago erantzunik, zurea gehitu nahi al duzu?

Idatzi iruzkin bat

Idatzi iruzkin bat

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.
Derrigorrezko eremuak markatuta daude *

3 + 4 =


Iruzkin berriak

Josu Aztiria Urtaran: Kaixo Eki: Zalantzan egon naiz erantzun edo ez, anonimoekin eztabaidatzea ez zidalako gustatzen eta Otamotz.eus-eko foro [...]

Ortzi: Ez kezkatu Igor, oposizioko liberatuak argituko dizkigu zalantza guztiak [...]

Igor: Liberazioekin pasatzen ari dena udal mailan ikaragarria da. Ya ez da bakarrik Urretxu batek 4 [...]

Eki: Joder Bildu, beti liberazioen aurka (alkatearena izan ezik) eta orain Zumarragan 4 liberazioen alde!!! Polítika [...]