Otamotz

Goierriko Hitza Goiberri

Albisteak

Gaztelekua, bide berrien bila

Gaztelekua, bide berrien bila
abendua 09
09:25 2014

Asteburuan berriro ireki dute Urretxu-Zumarragako gaztetxea, hilabete batzuez berrikuntza lanetan aritu ondoren. Paretak margotzen eta beheko solairua txukuntzen jardun dira, eta leihoetako pegatinak ere kendu dituzte, kanpoko argi gehiago sar dadin. Larunbatean egin zuten irekiera, egun osoko egitarauarekin. Bazkaria izan zuten, jolasak, bideo emanaldia eta afaria ere bai. Gauean, berriz, gaztetxea goraino bete zen Salda Badago herriko taldearen kontzertuan.

Gaztetxeko kideak, ordea, ez dira gaztetxearen kanpoko itxura aldatzearekin konformatzen. Gaztetxearen funtzionamenduan ere egin nahi dute aldaketa. «Konturatu ginen beti jende berdina ibiltzen zela gaztetxean, eta lan egiteko modua birplanteatzeko beharra ikusi genuen, gazte gehiago erakartzeko», adierazi du Eider Urrestarazuk. Hori dela eta, hausnarketa prozesu batean murgilduta daude Urretxu-Zumarragako gaztetxekoak.

Larunbatean, esaterako, irekiera egunean, tertulia antolatu zuten eguerdian. Herriko gazteekin bildu ziren, eta gaztetxea nola ikusten zuten galdetu. Taldetan banatuta, gaztetxearen lan dinamika berriak nolakoa izan beharko lukeen eztabaidatu zuten denen artean, sortzen ziren ideiak paperetan idatziz. «Belaunaldi berriek gaztetxea nola ikusten duten jakin nahi dugu», adierazi du Nerea Altolagirrek; «gaztetxekook egin izan ditugu hausnarketa prozesuak, baina kanpokoen ikuspuntua falta zitzaigun». Orain arteko funtzionatzeko modua nola hobetu dezaketen jakin nahi dute dinamika horien bidez.

Gaztetxea askotan parrandarekin eta kontzertuekin lotzen da Urrestarazuren eta Altolagirreren ustez. «Gaztetxeak hori baino zerbait gehiago ere eskaini behar du, ordea». Horregatik, berrikuntza prozesuan herriko gazteen laguntza eskatu zuten, prozesuan inplika zitezen, eta gaztetxea benetan zer zen ikus zezaten. Asteburuko tertulian sortutako ideiak kontuan hartuta, berriz, ekintza gehiago antolatu nahi dituzte gazteak erakartzeko.

MusiKUaldia abenduan
Abenduaren amaieran MusiKUaldia egingo dute Urretxu-Zumarragako gaztetxean. Kontzertuak izango dira egun horieta, eta ordurako ere erakarri nahi dute jende berria.

Egileari buruz

Otamotz

Otamotz

Harremana duten artikuluak

0 iruzkin

Oraindik erantzunik gabe!

Momentuz ez dago erantzunik, zurea gehitu nahi al duzu?

Idatzi iruzkin bat

Idatzi iruzkin bat

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.
Derrigorrezko eremuak markatuta daude *

4 + 7 =


Iruzkin berriak

Sebas Iturriotz: Bihotzekoa eman dio erdarakada ("Kalko okerra") da, bihotzekoak jo du edo bihotzekoak jota hil da [...]

Amaia Etxaniz: Ni Oskarbik kaleratu dituen 7 langileetako bat baiz. Pertsona guztiak bezala nire defektuak baditut, baiña [...]

Josu Aztiria Urtaran: Kaixo Eki: Zalantzan egon naiz erantzun edo ez, anonimoekin eztabaidatzea ez zidalako gustatzen eta Otamotz.eus-eko foro [...]

Ortzi: Ez kezkatu Igor, oposizioko liberatuak argituko dizkigu zalantza guztiak [...]