Otamotz

Goierriko Hitza Goiberri

Albisteak

Joseba Apaolazak ‘Soinujolearen semea’ aurkeztuko du Zumarragan

Joseba Apaolazak ‘Soinujolearen semea’ aurkeztuko du Zumarragan
apirila 10
07:08 2019

Soinujolearen semea pelikula zine aretoetara iritsiko da asteburu honetan. Fernando Bernuesek Bernardo Atxagaren liburuan oinarrituta egin duen pelikula Beasainen, Ordizian eta Zumarragan emango dute. Zumarragako emanaldietako batean Joseba Apaolaza aktore urretxuarrak parte hartuko du. Izan ere, Apaolazak izenburuko soinujolearen rola bete du pelikulan.

Zumarragako Zelai Arizti aretoan sei emanaldi egongo dira: larunbatean 19:30ean eta 22:30ean eta igandean eta astelehenean 19:30ean eta 22:00etan. Apaolazak larunbat arratsaldeko emanaldian parte hartuko du. Pelikula aurkeztuko du.

Beasaingo Usurbe aretoan eta Ordiziako Herri Antzokian beste sei emanaldi egongo dira. Beasaingoak Zumarragakoen egun eta ordu berean izango dira. Ordiziakoei dagokienez, ostiraleko emanaldia 22:15ean izango da, larunbat eta igandekoak 19:30ean eta 22:15ean eta astelehenekoa 19:30ean.

Apaolazak ondo ezagutzen du istorioa, liburua irakurtzeaz gain, antzezlanean ere parte hartu baitzuen. «Antzerkirako eta zinerako egokitzapenak Patxo Telleriak egin ditu eta bi lanek antzeko estruktura dute. Bere garaian liburua irakurri nuen eta antzezlana prestatu nuenean bigarrengoz irakurri nuen», aipatu du urretxuarrak.

Istorioko protagonistak David eta Joseba dira. Lehenengoa, soinujole frankistaren seme abertzalea, Amerikara joan zen traidoretzat jo zutenean. Orain, hiltzera doanean, Joseba lagun minaren bisita jasoko du.

Pelikulari buruzko iritzia

Antzezlanean Apaolazak Daviden rola bete zuen, baina pelikulan bere aita da. «Liburua asko gustatu zitzaidan eta filma bi aldiz ikusi dut: lehenengoan nire lana aztertzeko eta bigarrenean pelikulaz gozatzeko. Fernando Bernuesek oso ondo moldatu du istorioa zinera eta Fernando Velazquezen musika ere azpimarratzekoa da. Aktoreen lana oso ona da. Izan ere, Bernuesek antzerki munduan esperientzia handia du».

Apaolazak Cristian Merchan, Bingen Elortza eta Eneko Sagardoy aktore gazteekin lan egin du, besteak beste. «Belaunaldi berriak ikus-entzunezkoen mundutik datoz eta oso ondo moldatzen dira. Ikasketak dituzte eta indartsu datoz. Guk ere badugu haiengandik zer ikasi».

Urretxuko aktoreak beste bi lan ditu eskuartean: Dido&Aeneas opera, Antena3 telebista kateko 45 revoluciones telesaila eta Rita antzezlana. «Arriagan opera bat muntatzen ari gara. Opera niretzat mundu arrotz bat da eta ilusio handia egiten dit hor lan egiteak. Rita antzezlana toki guztietan arrakasta edukitzen ari da eta Aitziber Garmendia eta biok asko ari gara gozatzen».

Elkarbanatu

Egileari buruz

Otamotz

Otamotz

Harremana duten artikuluak

0 iruzkin

Oraindik erantzunik gabe!

Momentuz ez dago erantzunik, zurea gehitu nahi al duzu?

Idatzi iruzkin bat

Idatzi iruzkin bat

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.
Derrigorrezko eremuak markatuta daude *

7 + 9 =


Iruzkin berriak

Josu Aztiria Urtaran: Kaixo Eki: Zalantzan egon naiz erantzun edo ez, anonimoekin eztabaidatzea ez zidalako gustatzen eta Otamotz.eus-eko foro [...]

Ortzi: Ez kezkatu Igor, oposizioko liberatuak argituko dizkigu zalantza guztiak [...]

Igor: Liberazioekin pasatzen ari dena udal mailan ikaragarria da. Ya ez da bakarrik Urretxu batek 4 [...]

Eki: Joder Bildu, beti liberazioen aurka (alkatearena izan ezik) eta orain Zumarragan 4 liberazioen alde!!! Polítika [...]