P { margin-bottom: 0.21cm; }Eitzagako San Isidro jaiak hasiko dira etzi arratsaldean. Aurtengoan, egutegia egokitu den eran, luze joko dute Zumarragako auzoko jaiek: etzi hasi eta datorren asteazkenean, San Isidro egunean izango da azken ekintza. Egitarauan badago berritasun bat baino gehiago. Guztien artean herri kirol desafioa nabarmenena da. Oraingoan, Xabier Zaldua auzotarraren idiak eta gizon proba taldeko kideak neurtuko dira. Andoni Zarandona jai batzordeko kidea da, eta atzoko «azken orduko albistea» dela esan du: «Oraindik herri kirol desafioa ez dago erabat itxita, baina lan asko egiten ari dira, eta ikuskizun berezia eskainiko dutela badakigu».
Desafioa larunbatean izango da, 20:00etan, Eitzagako pilotalekuaren aurrean jarri ohi duten eszenatokiaren ondoan. Egun berean izango da, baita ere, Eitzagako jaietako beste ekintza garrantzitsu bat: herri krosa; aurtengoa 31. edizioa da. Etzi jai batzordeak muntatuko txosna irekiko dute. Zarandonak jai batzordeko kideak «kezkatuta» daudela dio: «Geroz eta gutxiago gara jaiak antolatzeko prest gaudenak, eta gazteak ez datoz atzetik bultzaka». Batzordea osatzeko ez dute orain artean deialdi publikorik egin, baina «datorren urtean egingo dugula erabaki dugu, ea auzotar gazteak animatzen diren».
Otsailean hiruzpalau lagun baino ez ziren hasi antolaketa lanetan. Gerora gehiago bildu ziren, baina hasieran hain gutxi izanak gogoeta eragin die, «gero eta zailagoa da jendea aurkitzea», dio Zarandonak. Zumarragako auzo guztien artean, Eitzagakoak dira 40 urte inguruan etenik gabe ospatu diren jaiak. Salbuespenak bi baino ez dira, «Amnistiaren urtean eta auzokide bat auto batek harrapatuta hil zeneko urtea. Bestela, urtero ospatu ditugu jaiak Eitzagan».
‘Euskal parrilla’
Edozein modutan, Eitzagako jai batzordeak aurrera egin du buru-belarri, eta egitarauan berritasun gehiago egin dituzte. Auzotarren herri afaria Zumarragako jatetxe batek prestatu izan du aurreko urteetan, etzikoa Euskal Parrillak egingo du: «Ukitu ezberdina eman nahi diogu aurten, haragia nola erretzen duten bertatik bertara ikusiko dugu». Jai batzordeko kideek zerbitzari lanak egingo dituzte, «jaiak auzolanean antolatzen baititugu». Kon-Fusion antzerki taldearen kale ikuskizuna, eta irrati kontrol bidezko kamioi eta makinaria erakustaldiak dira Eitzagako jaietan izango diren beste berritasun batzuk. Ardo dastaketa ere egingo dute jaien harira, Mikel Rodrigez auzotarrak zuzenduko du Irrika elkartean.
Jaietako egitarau osoa bihar Goierriko Hitzan eta webgune honetako agendan