Gorka Azkarate eta Gorka Ojanguren 18 urteko bi urretxuar hauekin gure herriotako bertso eskolari buruz aritu ginen solasean. Azkarate Bilbon ari da ingeniaritza ikasten eta Ojanguren, aldiz, Donostian zuzenbide ikasketak burutzen. Bi hauek dira bertso eskolan urte gehien daramatzaten ikasleak. Elkarrizketa hasi aurretik bi gazte hauek Juanjo Sagastibeltza eta I?aki Beitiaren lana goraipatu nahi izan dute beraiek izan baitira proiektu hauen gidari eta protagonistak
Nola hasi zineten eta zergatik?
Ikastolan geundela, bederatzi urterekin, hasi ginen hamar lagun inguru, gehienbat pasatzen genituen momentu atseginengatik eta sarritan egiten genituen meriendak zirela eta.
Bederatzi urte hauetan nolakoa izan da bilakaera?
Hasieran taldeka prestatzen ginen taldekako txapelketan parte hartzeko baina denbora aurrera joan ahala lan hori utzi eta bakarkakoari ekin genion. Dena den, nahiago dugu bertso afarietan aritzea giroa jatorragoa delako eta lasaiago aritzen garelako.
Bertso afariak aipatu dituzuela, eskualdeko bertso eskolek proiektu berri bat sortu dutela entzun dugu. Esplika iezaguzue pixka bat zertan datzan.
10 bertso afari antolatu dituzte, gazteok jende aurrean kantatzen ohitu gaitezen, jende aurrean hanka sartuz ikasten baita gehien.
Ze iritzi duzue Urretxu-Zumarragako plazari buruz?
Ez dago zaletasun handirik, baina hau nahiko normaltzat jo daiteke gure herriotan euskarak duen maila ikusirik.
Zein da hemengo bertso taldearen antolamendua?
Normalean larunbatetan biltzen gara, kanpoan ikasten duen jendea taldean egonik, hori delako egunik aproposena. Gure adineko 5 lagun biltzen gara eta gutaz gain oraintsu beste hamarren bat gaztetxo inguratu dira.
Neskarik?
Bai, Nerea Elustondo legazpiarra dago, nahiko maila ona du gainera. Aurten Gipuzkoako txapelduna izan da, legazpiarra izateko ez dago batere gaizki.
Eta ezin amaituko dugu bertsorik eskatu gabe…
Jolas bezela hasi genduna
afizio azkenean
beti aldarte atseginean
eta umore onean
Aurrerantzean segiko degu
orain arteko lanean
euskal giroak gure herrian
irauten duen artean.