Landareak zaintzeko aholkuak (023. alea)
Zumalore lora-dendako Begoña Sagastizabalek emanak.
Udaberria da bai kanpoko zein barruko landareak landatzeko garairik aproposena.
Landareek ez omen dute dedikazio handirik behar, egunero pixka bat begiratu eta kasu egitea nahikoa da landare ederrak izateko. Ura behar duten begiratu, zimelduriko hostoak kendu… hori da egunero egin behar dena. Hala ere, etxeko landareak erabat zimeltzea nahi ez badugu behintzat derrigorrezko zenbait aholku ere badaude.
LURRA
Landare berriak landatzerakoan lur zaharra aprobetxatu badaiteke ere, egokiena lur berritan landatzea da. Lur guztia aldatzerik ez badago, gainaldeko lurra aldatu beharko litzateke gutxienik. Gainera lur hori, zaharra nahiz berria ongarriztatzea aholkatzen da
ONGARRIA
Dendetan saltzen den ongarria nahikoa bada ere, ongarririk onena mendiko simaurra da. Hamabostean behin ongarria bota beharko zaio lurrari.
URA
Eguraldia eta landarearen arabera bota behar da ura. Eguraldi hezearekin kaltegarria da ura sarritan botatzea. Ur gehiegi botatzea ere kaltegarria da. Bezperan jasotako urarekin komeni da landareak ureztatzea.
ARGIA. EGUZKIA. BEROA
Landareak, haizea, eguzkia eta haize korronteetatik ondo babestu behar dira gal ez daitezen.
Begoña Sagastizabal, Zumalore lora-dendakoa
Zein landare duzu gustukoen?
Oso gustuko ditut landare guztiak.
Zein gustatzen zaizu gutxien?
Zimeldutako edozein landare.
Nori oparituko zenioke lore sorta bat?
Amari, ahizpari, alabari lagunen bati…
Nork oparitutako lore sorta jasoko zenuke gustura?
Egun guztia lore artean egiten dudanez, beste opariren bat nahiago nuke.
Nork zaintzen ditu zure etxeko landareak?
Neuk zaintzen ditut eta baita semeak ere, gustatzen zaizkio landareak.
Esku ona al duzu landareetarako?
Hala uste dut, hala ere garrantzitsuagoa da landareei egunero kasu egitea.
Gizonezkoak ala emakumezkoak, nortzuk dira bezerorik onenak?
Normalean emakumezkoak arduratzen dira landarez baina gizonezko askoren afizioa ere bada.
Zumarraga eta Urretxuko mutilek lorerik oparitzen al dituzte?
Bai, lore asko oparitzen dituzte hemengo mutilek. San Valentin egunean eta amaren egunean batez ere.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide