Suhiltzaile parkean geundela izan nuen joko hauen berri duela bi urte. Orduan Indiannapolisen izan ziren eta pixka bat mugitzeko asmoa banuen, haruntza joateko dirua behar baita. Ertzaintza uste dut joan zela, dirulaguntza izan, eta beste batzuk ere hala joan ziren. Nik, anaiarena gertatu eta asmoa utzi egin nuen. Banekien 2003an Bartzelonan zela. Aurten lehenengoz hemen inguruan izan da, amerikanoek antolatzen baitute. Neure inguruan ez nuen jende asko ezagutzen joateko amorruarekin, baina joatea erabaki nuen.
Zein kiroletan eman zenuen izena?
Hiru frogatan apuntatu nintzen: txirrindularitzan erlojuaren aurka eta linean eta triatloian. Diputazio barruan dirulaguntzaren bat lortzerik zegoen galdezka hasi nintzen, baina ez omen zegoen ezer kontenplaturik eta neure kasa joatea erabaki nuen. Gastua handi samarra izan da, igeriketa mundialak parean tokatu baitziren eta Bartzelonako hotel guztiak hartuta bai-tzeuden gainera.
Parte hartzeko baldintzaren bat bete behar al zen?
Suhiltzailea edo polizia izatearekin nahikoa zen. 10.000 lagun inguruk parte hartu genuen eta denetarik zegoen: batzuek maila ona zuten eta beste batzuek, berriz, sekulako tripa.
Zer nolako giroa topatu zenuen bertan?
Gasteizko suhiltzaile batzuekin kontaktatu nuen eta beraiekin izan nintzen. Bestelakoan, suhiltzaileak eta mota guztietako poliziak zeuden bertan: goardia zibilak, polizia nazionalak, udaltzainak, kar-tzeleroak… Kristoren
parafernalia da, Olinpiada baten modukoa: 10.000 kirolarik parte hartu genuen, akreditatu egin behar da, txartela lepotik eraman… Suhiltzaile eta polizi amerikarrek antolatzen dute, baina Bartzelonan bertako suhiltzaile eta poliziek, udaletxeak eta Generalitatek parte hartu zuten antolaketan. Bilboko erakusketa aretoa adinako lokala zuten eta bertan kirol bakoitzak bere saila zuen.
Zer moduz aritu zinen?
Uztailaren 25ean joan nintzen, hilaren 27an triatloia nuen, abuztuaren 1ean erlojuaren aurkakoa eta 2an errepideko froga. Triatloi frogan igeriketa Bartzeloneta hondartzan izan zen (1.500 metro), gero bizikletan 40 kilometro egin genituen eta 10 kilometro korrika. Hiru irteera egon ziren, 400 lagun pasak parte hartu baikenuen. Igeriketa ez da nire fuertea eta lan hori bukatu nuenean dozena erdi bat banituen nire aurretik. Bizikletan jende mordo bat harrapatu nuen, baina gehiegi ez genuen kontrolatzen, kategori ezberdinetakoak elkarrekin atera baikinen. Froga ikusten ari zen Donostiako lagun batek esan zidan aurretik zenbat nituen, korrikan lehenengoa harrapatu nuen eta froga irabazi nuen neure kategorian. Sailkapen orokorrean 25. gelditu nintzen. Maila ona zegoen, gure kategorian guztira 70 baikinen eta 10 lehenen artean txekiar bat, amerikar bat, australiar bat… gelditu baitziren.
Ondoren erlojuaren aurkako frogan parte hartu zenuen…
Triatloian oso gustura gelditu nin-tzen, baina ondorengo bi egunetan tripako minarekin izan nintzen. Bi egun horietan jan gabe izan nintzen eta, erlojuaren aurkako egunean afaldu nuen arren, indarrik gabe nengoela ikusi nuen. Hala ere, froga ona egin nuen eta bigarren gelditu nintzen belgiar baten atzetik. Hurrengo egunean errepide frogan parte hartu nuen. Sekula pelotoian ibili gabea nintzen eta 150 lagun aritu ginen zirkuitu nahiko gogor eta arriskutsuan. Gainera, irteeran arazo bat izan nuen eta atzealdean atera behar izan nuen. Aurrealdekoak harrapatu ahal izateko kriston esfortzua egin behar izan nuen arren, azkenean seigarren postua lortu nuen. Gustura gelditu nintzen, oso maila ona bai-tzegoen.
Zer nolako esperientzia izan da?
Oso esperientzia ona izan da. Oso herrialde ezberdinetako jendea ikusten zen, sekulako antolaketa zegoen, erlijio guztikoentzako mezak zeuden… Montjuic-eko inaugurazio ekitaldia ere sekulakoa izan zen, olinpiada batzuen antzekoa izan zen niretzat. Ni neu bakarrik nengoen eta Gasteizkoekin desfilatu nuen. Arazo txiki batzuk izan ere izan genituen. Gasteizkoek eta ertzainek ikurriñak zeramatzaten eta poliziek makila kendu zieten "arazoak egon ez zitezen". Hala gu ikurriña eskuan geundela joan ginen eta besteak mastilarekin. Bestalde, pantaila erraldoian ez gintuzten atera eta jokuen bideoan ere ez ginen ageri.
Hurrengo ekitaldian ere parte hartzeko asmoa al duzu?
Bai, kirol gehiago egitera lasai asko joan daitekeela ikusi baitut. 2005ean Quebec-en izango da eta polita izango litzateke joatea. Pixka bat mugitzen hasi beharko dut, handik edo hemendik laguntzaren bat lortzeko. Ez da erraza izango, baina bi domina lortu ditut eta ea horrek laguntzen didan. Diputazioak lagundu beharko ligukeela iruditzen zait, baina ez naiz eskatzearen zalea.