Leiho ondotik kanpoaldera
jarria nago begira,
ekialdetik ikus daiteke
eguzki printzez dizdira.
Zuhaitzek ere eskaintzen dute
sekulako ikusmira,
erleak hegan lorerik lore
nektar biltzen ari dira,
udaberriak alaitasuna
ekartzea det desira.
Ezin ukatu begi aurrean
paisai ederra dagola,
hainbat larrosa, hainbat krabelin,
lili eta amapola.
Goiko hodei txuriak zeruan,
belarretan karakola,
sasoi honetan goza nahi nuke
aurten hola edo nola,
egia esan urtaro honek
aldatzen digu odola.
Jone Alberdi